Zinema + Abentura = Mendi Film Festival

Zinemarekiko grina sentitzen baduzu eta arrisku kirolak eta mendizaletasuna gustuko badituzu, abenduaren 6tik 15era plan bikaina duzu

Aurreko edizioetako arrakastaren ondoren, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia nazioarteko zinema jaialdia hiriburura itzuliko da 12. urtez jarraian. Film laburren eta filmen artean, hamar egunetan 60 ikus-entzunezko emango dituzte guztira. Horiek guztiak, noski, mendizaletasunari, abentura eta arrisku kirolei buruzkoak. Gainditze irudiak, zalantzarik gabe ileak punta-puntan jarriko dizkizutenak!

Saioak hiru gune ezberdinetan egingo dira: BBK aretoan, Golem Alhondigan eta Euskalduna Jauregian. Saio bakoitzak aurkeztutako guztien artean irabazle suertatu diren ikus-entzunezkoak erakutsiko ditu. Aurten, zehazki, 172 film eta film labur jaso ditu jaialdiak. Hurrengo edizioari begira zure proiektua aurkezteko asmoa baduzu, egon zaitez jakinaren gainean eta informa zaitez, izen-emateak maiatzean ireki ohi dira.

Oraingoz, 2019ko Mendi Film Festivalen programazio osoa eta informazio guztia bere webgunean kontsulta ditzakezu: http://www.mendifilmfestival.com/MFF/index.php/eu/

“Mendiko zinemarik onena Bizkaira iritsiko da abenduaren 6tik 15era”