“Saregileak: gazteriarengandik, gazteekin eta gazteentzako proiektu bat sortu zuten.”

Partaidetza

2016tik aurrera lau gazte gabiltza Bizkaiko txoko ezberdinetako gazteria ezagutzen. Eta askok galdetuko duzue zergatik eta zertarako dabiltzan gazteak ezagutzen? Saregileok gazteriaren beharrak, ezaugarriak eta gazte moduan dituzten zalantzak ezagutu nahi ditugu, horiei erantzuna ematen saiatzeko eta Bizkaia mailan arlo eta zentzu guztietan aukerak sortzeko.

Eta berriro ere, aukerak sortu? Nola? Zergatik? Lasai, erantzuna hemen daukazue: Saregile proiektua Bizkaiko Foru Aldunditik sortutako proiektu bat da, bertatik administrazio publikoa gazteen mundura heltzen ez zela konturatu ziren, eta bestetik, gazteriak administrazio publikoaren ekina eta gazteriarekiko konpromisoa ezagutzen ez zuela konturatu ziren, beraz, gazteriarengandik, gazteekin eta gazteentzako proiektu bat sortu zuten.

Saregileak proiektu honetan bitartekariak gara, gazteria ezagutuz eta administrazioak eta agente ezberdinek gazteriari eskaintzen dizkioten gauza guztiak gazteriari hurbilduz, dena zentzu guztietako aukerak sortzeko eta Bizkaiko gazteriak Bizkaian bertan egin dezan bere bizi proiektua eta bere ia behar  guztiak asetuak izan ditzan.

Gure inguruko gazteekin elkartzen gara, haien izana, gustuak eta etorkizunerako dituzten erronkak ezagutzen ditugu eta, egia esan, era oso informalean egiten ditugun topaketak dira, kuadrilla ezberdinen txokoetan, tabernetan eta gazte talde ezberdinetan. Azken finean, gu ere gazteak gara eta erosoen sentitzen garen tokietan elkartzea gustatzen zaigu.

Gazteekin elkartzeaz gain, agente publiko eta pribatuekin elkartzen gara gazteriarentzat dituzten eskaintza ezberdinak ezagutzeko; bekak, formakuntzak, etb. Eta azkenik, eginiko topaketetan lorturiko kontaktuekin gazteen arteko sare bat sortzen saiatzen gara, gustuei dagokienez, formakuntzari dagokionez, aholkuak eman daitezan, ezagutu daitezan, etb. Eta beste aldetik, gazte eta agenteen arteko erlazioak hurbiltzen saiatzen gara.

Egia esan, Saregileon papera ez da erraza, jendearekin elkartzeak denbora luzea dakar, eta nahiz eta eman nahi ditugun erantzunak arinak izatea nahi badugu ere, azken finean, informazioa aurkitzea eta, gehienbat, kontaktu eraginkorrak aurkitzeak bere denbora darama.

Dena den, orain arte izandako Saregileak oso pozik gabiltza lan honetan, gazte ugari ezagutzen gabiltza eta asko ikasten ere bai. Gainera, nahiz eta urtebeteko lana izan, ahalik eta eraginkorren izaten saiatzen ari gara datozen saregileei lana errazteko asmoz.

Sare sozialetan ezagutu gaitzakezu, Instagram-en, Twitter-en eta Facebook-en bitartez (BizkaiaGaztea), eta gurekin elkartu nahi izanez gero, bertatik idatz diezagukezue. Gure erantzuna ahalik eta arinena izango da eta oso pozik jasoko ditugu zuen mezuak.

Besterik gabe, laister ikusiko dugun esperantzaz, Saregile taldeak besarkada itzel bat ematen dizue.