2018(e)ko azaroaren 26(a) 09:53

31 urtetik beherako emakumeek sufritu zituzten iaz Bizkaian gertatu ziren emakumeen aurkako hiru biktimizazioetatik bat

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Gizartegune eztabaida eta hausnarketarako jardunaldi berriaren ardatza indarkeria matxista gazteengan eta nerabeengan izan da. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak antolatzen duen jardunaldiaren barruan gazteekiko lanari buruzko mahai-ingurua egin da (besteak beste Beldur Barik, Suspergintza, Gizakia: Hirusta Fundazioa, ERAIN, Fundación Luz Casanova Fundazioa eta Zirimiri bezalako erakundeekin).

Ferrer, Laespada eta Díaz-Aguado.

• Laespada: “Emozioetan hezi behar dugu, begirunean oinarritzen den sexu hezkuntzarekin”

Neskek, nerabeek eta 31 urtetik beherako emakumeek sufritu zituzten iaz Bizkaian gertatu ziren emakumeen aurkako hiru biktimizazioetatik bat (% 34,75).

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, Teresa Laespadak, gaur argitaratu ditu Emakumeen Aurkako Biolentziaren Bizkaiko Behatokiaren 2017ko Zenbakien Txostenean ematen diren poliziaren arloko datu hauek.

Diputatuak eztabaida eta hausnarketarako Gizartegune hamabigarren espazioaren inaugurazioan aurkeztu ditu zenbaki horiek. Edizio honetan izenburua "Genero indarkeria gazte eta nerabeen artean: hori desagerrarazteko prebentzioa, arreta eta sentsibilizazioa" izan da.

Bizkaian emakumeen taldeak sufritzen dituen biktimizazioen kopuruari dagokionez 2016 eta 2017 urteetan gertatu den hazkuntza azpimarratu du, iaz 140 gehiago izan zirelako (2.201, aurreko ekitaldian 2.061 izan zirenean).

31 urtetik beherako emakumeen kasuan biktimizazioen kopuruaren igoera 79 izan zen; 2016an 686 izan ziren eta iaz, ordea, 765.

SEXU-ASKATASUNAREN AURKA

Halaber, Laespadak adierazi du 31 urtetik beherako emakumeek guztira sexu horren aurka gertatu ziren biktimizazioen % 34,75 sufritu zituztela, baina sexu-askatasunaren aurkako berariazko biktimizazioetan emakume gazteek sufritzen duten portzentajea izugarri hazten dela, hain zuzen ere % 69,23ra arte. Esparru horretan 2016 urtearen eta iazkoaren artean gertatu den igoera 33 emakumekoa izan da, 2016an sexu-askatasunaren aurkako biktimizazioak pairatu zituzten 31 urtetik beherako emakumeak 84 izan zirelako eta iaz 117.

Era berean, diputatuak honakoa defendatu du: ez gara gizonen ala emakumeen rol estereotipatuekin jaiotzen, sozializazio prozesuetan ikasten dira, eta horregatik nerabeek eta gazteek desberdintasuna iraunkortzen duten eta indarkeria sustatzen duten baloreak ikasten jarraitzen dute.

Desberdintasuna eta indarkeria txanpon beraren bi aldeak direlako eta batek bestea elikatzen duelako: desberdintasunak indarkeria behar du bizirauteko eta indarkeria ezinezkoa da pertsona berdinen eta askeen gizarte baten, gehitu du.

Ildo horretatik telebistako produktu batzuk kritikatu ditu, maitasun erromantikoa planteatzen dutelako, eta horren barruan emakumeok babestuko gaituen eta bizimodua konponduko digun printze bat behar izaten dugu, eta beti sustatzen dute gizonaren irudia alfa ar bezala, indartsua eta babeslea.

Gaur egun oraindik ere emakumeak bigarren mailako rola dauka sexualitatean. Gure gazte, mutil eta neska, gehienen sexu-hezkuntzaren oinarri nagusia pornografia da eta horretan beti saltzen da emakumea gizonarekiko menpean sexu-harremanetan. Gure gazteak, bi sexuetakoak, emozioetan hezi behar ditugu, afektibotasunean, begirunean eta sexu-askatasunarekiko eskubide indibidualean oinarritzen den sexu-hezkuntza helarazi behar diegu, sexu-harremanak nola, noiz, non eta norekin hautatzeko eskubidean, azpimarratu du.

Aldi berean, ohartarazi du gazteen artean oso zabalduta dagoela sinesmen bat, onargarria dela inguruabar jakin batzuetan maite den norbaiti eraso egitea, sufriaraztea eta min egitea, pertsona askok ez dutelako ulertzen denboraren, diruaren, soinekoen, lagunen, proiektuen eta jardueren… kontrola, hertsapena, txantajea eta mehatxuak, eta baita bikotekidea iraintzea eta astintzea ere, indarkeria direla.

GIZARTEGUNE

Gizartegune eztabaida eta hausnarketarako jardunaldiaren barruan mahai-ingurua egin da gazteekin indarkeria matxistaren aurkako borrokan lan egiten duten erakundeekin (besteak beste Beldur Barik, Suspergintza, Gizakia: Hirusta Fundazioa, ERAIN, Fundación Luz Casanova Fundazioa eta Zirimiri).

Jardunaldian, halaber, Madrileko Complutense Unibertsitateko Psikologia Fakultatekoa den María José Díaz-Aguado Jalónen (La evolución de la adolescencia española sobre la igualdad y la prevención de la violencia de género) eta Unibertsitatean Generoaren Psikologia Sozialeko katedraduna den  Victoria Ferrer Pérezen (Indicadores de violencia de género en jóvenes y adolescentes) esku hartzeak egon dira.

Ostean Montserrat Muñoz Sáezek esku hartu du, Instituto Andaluz de la Mujer erakundeko Azterlan eta Programen Kabineteko buruak (Prevenir, sensibilizar y atender: la experiencia del instituto andaluz de la mujer).


Argazkiak