2018(e)ko abenduaren 06(a) 09:30

Zabaldu da 2018ko Bizkaia BBK bekak eskatzeko epea

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Hainbat gazte unibertsitario tituludunek prestakuntza espezializatua jasoko dute nazioarteko erreferentziako zentroetan eta gero Bizkaiko puntako enpresetan kontratatuak izango dira. BBKk eta Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarritako beka-programa honen bigarren deialdiak 420.000 euroko hornidura izango du.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk martxan jarri dute Bizkaia BBK beken bigarren deialdia unibertsitate graduko titulazioa duten gazteentzat. Programa hau Bizkaian bizi eta 30 edo 35 urte baino gutxiago duten (eskatutako graduondoaren arabera) gazteentzat diseinatuta dago, eta beraren helburua da lurralde honetako talentuari beste bultzada bat ematea du eta, horrela, zintzo laguntzea profesionalak prestatzen sektore estrategikoetan: big data, energia, aeronautika, finantza-huba eta automozioa.

Beka-programa honek 420.000 euroko zuzkidura du eta ahalik eta beka gehien emango dira, onuradunek aukeratutako prestakuntzaren kostuaren arabera. Bekarekin ordainduko dira matrikulazio gastuak, hegazkin-txartelak, ostatua, mantenua eta sortu litezkeen bestelako gastuak, deialdian ezarritako baremoen arabera.

Bizkaia BBK beken programa bi fasetan banatuta dago, eta fase bakoitzak ondo bereizita ditu bere aldiak eta prestakuntza-ezaugarriak:

  • 1. Fasea. Prestakuntza espezializatua nazioarteko erreferentzia-zentroetan. Programaren hasierako fase honetan, aukeratutako izangaiek graduondo bat egingo dute ardatz estrategiko bakoitzerako izendatutako erreferentzia-zentroetan. Prestakuntzaren xedea izango da dena delako sektoreko enpresa liderrek identifikatu dituzten erronkei erantzuten dieten arlo espezifikoen ezagutzan sakontzea, eta 12, 18 edo 24 hilabeteko iraupena izango du.
  • 2. Fasea. Bizkaiko enpresetan laneratzea. Fase honetan, izangaia lanean hasiko da, dagokion titulua jaso eta gero, bere prestakuntzaren arloan puntakoa den Bizkaiko enpresa batean. Lan-kontratuak iraupen jakina izango du, inoiz ez 2 urtetik beherakoa, eta lan-baldintzak enpresak goi-mailako tituludunei eskaintzen dizkien bezalakoak izango dira eta lanaldi osorako.

Eskabideak aurkezteko epea 2019ko otsailaren 10ean bukatuko da eta bekak emateko azken ebazpena 2019ko apiril-maiatzean argitaratuko da. Aurkezten direnek webgune honetan erregistratu beharko dute, www.bizkaiatalent.eus, eta eskabidea egiteko formularioa bete.

Enpresak eta diharduten sektorea:

  • Iberdrola (big data eta energia)
  • Gamesa (big data)
  • Fineco (finantza-huba)
  • ITP (aeronautika)
  • Laboral Kutxa (big data)
  • ZIV (energia)
  • Gestamp (automozioa)
  • CIE Automotive (automozioa)
  • MTC Maier Technology Center (automozioa)
  • Ormazabal (big data)
  • Euskaltel (big data)

Unibertsitateak eta titulazioak:

  • Strathclyde University. MSc, PgDip Data Analytics.
  • Ecole Polytechnique + Hec Paris. MSc Data Science for Business.
  • HEC Paris. HEC Master in Management Grande Ecole.
  • Cranfield University.
    Aerospace Propulsion option - MSc in Thermal Power VU.
  • Strathclyde University. MSc, 5G Advanced Communications.
  • European Institute of Innovation and Technology (EIT). MSc SENSE - Master’s in Smart Electrical Networks and Systems.
  • Saarland University, Luleå Technical University, Barcelona Tech, Université de Lorraine. Advanced Materials Science & Engineering (AMASE) Master.
  • RWTH Aachen University. MSc. Production Systems Engineering.
  • Esslingen University. Master of Engineering in Automotive Systems.

Bideoak


Audioak