2019(e)ko otsailaren 28(a) 11:30

Bizkaiko komunitate ekintzaileak bat egin du Techstars Startup Week Bilbao Biscay ekitaldiaren lehenengo edizioa antolatzeko

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

H&Mrena zen Moyuako guneak, martxoaren 4ko aste osoan zehar, ekintzaile, inbertsore eta enpresentzako xedaturiko 25 ekitaldi baino gehiago hartuko ditu; berrikuntzaren, talentuaren, prestakuntzaren, energiaren, automobilgintzaren eta foodtechen ingurukoak.

Bilbon martxoaren 4tik 8ra bitartean egingo den Techstars Startup Week Bilbao Biscay ekitaldia ekintzaileak, inbertsoreak, ikasleak, enpresa eta erakunde publiko zein pribatuak batzeko diseinaturiko 25 ekitaldi barne hartuko dituen astea izango da. Jarduera guztiak doakoak izango dira eta sarbidea librea izango dute. Nahi duten pertsonek webgunean eman ahalko dute izena: bilbaobiscay.startupweek.co

H&Mrena zen Moyuako gunea lurraldeko startup erkidegoarentzako topagune bilakatuko da aste osoan zehar. Lan egiteko erabiliko den puntu horretan, parte-hartzaileek eta bertaratzen direnek tokiko eta nazioarteko sektoreko beste pertsona batzuekin ikasi eta konektatu ahalko dute.

Techstars Startup Week Bilbao Biscay ekitaldiak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Iberdrolaren babesa jaso du eta ekimen horri esker beste bultzada bat emango diogu lurraldea mundura hobeto konektatuta dagoen ekintzailetza-huba bilakatzeko estrategiari.

Aste horretan zehar hitzaldiak, mahai-inguruak eta networking asko egongo dira; hainbat gairen ingurukoak eta lurraldearentzat estrategikoak diren hainbat sektoreren ingurukoak: energiako eta mugikortasuneko joerak, berrikuntzaren gakoak korporazio handietan, talentuaren eta prestakuntzaren kudeaketaren inguruko esperientziak edo foodtechen etorkizuna. Era berean, hainbat proiekturen arrakasta-kasuak ezagutu ahalko dira; esaterako, Lime proiektuarena, Madrilen eta Bartzelonaren gisako hiri handietan mugikortasuna aldatzen ari diren patinete elektrikoen enpresa. Bestalde, Javier Megíasek, Startupxplore inbertsio-plataformaren fundatzaileak, sortu berri diren enpresa teknologikoetan inbertitzeko interesa duten pertsonentzako xedaturiko tailer bat eskainiko du.

Techstarsen Techstars Startup Week Bilbao Biscay ekitaldia antolatzeko irrikan gaude. Ekintzaileen eta startupen inguruko jarduerekin betetako aste hori Bizkaiko ekintzailetza-ekosistema geroz eta handiagoaren erakusle da. Etorkizuneko ekimenetan elkarlanean jarraitzea espero dugu Bizkaian berrikuntzaren ekonomia babesteko, adierazi du David Brownek, kontseilari delegatua eta Techstarsen fundatzaileetako bat.

Techstarsi buruz

Techstars ekintzaile onenak (dauden lekuan daudela) babesten dituen mundu-mailako sare bat da. Techstarsen parte diren startupak beste ekosistemetako ekintzaile, aditu, aholkulari, ikasle, inbertsore, korporazio eta buruekin konektatzen dira beren konpainien hazkuntzari laguntzeko. Techstarsek hiru dibisiotan jarduten du: Techstars Community, Techstars Mentorship-Driven Accelerator Programs eta Techstars Corporate Innovation Partnerships. Techstarsen azeleragailuen paper-zorroak 1.500 inbertsio gehiago barne hartzen ditu, 18 bilioi dolarretik gorako merkatu-balorazioarekin. www.techstars.com

Informazio gehiago bilbaobiscay.startupweek.co webgunean eta @StartupWeekBIO Twitter-kontuan.