2019(e)ko martxoaren 02(a) 10:00

DEMAk 3.000 enpresa-proiektu baino gehiago lagundu ditu bere 30 urteetan

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziak hiru hamarkada betetzen ditu aurten, 2019an. Urte horietan 13.000 pertsona aholkatu eta lagundu ditu enpresak abian jartzearen arloan.

Teresa Laespada, Anezka batean.

Laespada: “DEMA, aurrerantzean ere, erreminta oso baliotsua izango da enplegua eta ekintzailetza sustatzeari dagokionez”

Dema Enpresa Garapenak, Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziak, hiru hamarkada betetzen ditu  2019an. Urte  horietan 12.949 pertsonak proposatutako enpresa-proiektu asko eta askoren sorkuntza lagundu du;  proiektu horietatik 5.975 izan dira negozio-plan bat garatu dutenak  eta, azkenean, 3.104 proiektuk enpresa moduan ezartzea lortu zuten.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, Teresa Laespadak, bermatu egin du bere Sailaren menpe dagoen  Dema Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentzia Bizkaian aurrerantzean ere   erreminta oso baliotsua izango dela enplegua eta ekintzailetza sustatzeari dagokionez.

Batez beste ehun baino gehiago izan dira ekitaldi bakoitzean lagundu dituen enpresak; eta 30 urte betetzen ditugu energia eta ilusio berrituekin. DEMA erreminta bat da Bizkaiarentzat, enplegu duin eta kalitatezkora iristea hobetzeko balio duena eta askotan ekintzailetzaren aldeko apustuaren bidetik jotzen duena, adierazi du.

Bere iritziz, gaur egun, eta arrazoi osoz,  enpleguak Bizkaiko herritarren ardura nagusienen artean  egoten jarraitzen du eta horregatik gero eta nabarmenagoa da  ezinbestekoa dela DEMAk egiten duen lana.

DEMA antolakuntza publikoko proiektu sendotua da, esperientzia oso handia eta  bere lanarekin jarraitzeko borondatea duena, ahal bada, hobetuz. Eta hitz hauen oinarria ekimen zehatzak dira, esan du.

ANEZKA-ENPLEGU ANEZKAK

Legegintzaldi honen hasieran DEMA Foru Agentziaren kudeaketaren barruan sartu zen  Anezka  Programa - Enplegu Anezkak; azken hil honetan abian jarri diren biekin programak 23 edizio bete ditu. Programaren garapen horrek esan nahi du 470 pertsonarekin egin dela lan  eta laneratze-indizeak % 60tik gorakoak direla, hau da, Bizkaian Enplegu Anezketan parte hartu duten pertsonetatik 280 baino gehiagok  lanpostua aurkitu dutela.

Beste alde batetik, DEMA Enpresa Garapenak Prestik Enplegu Azokaren aldeko apustuarekin jarraitu du eta legegintzaldi honetan horren beste bi edizio antolatu dira   (2016 eta 2018). Guztira sei dira 2009tik burutu diren Prestik Azokaren edizioak; bisitariak   44.667 izan dira, 577 tailer antolatu dira, 121 hitzaldi eman dira eta 118 enpresa enplegatzailek jardun dute.

DEMA Enpresa Garapena Foru Agentziaren beste programa historiko bat  Enpresari da, kasu honetan Lanbide Heziketako ikasleen artean ekintzailetza sustatzeko  dena. Programan  parte hartu duten pertsonak 33.113  izan dira, 3.054 negozio-ideiarekin, eta  714 proiektu gauzatu dira.

DEMA Enpresa Garapena Agentziaren jardueran programa berriak sartu dira, adibidez pilotua den   ‘Millennials 1000 x 1000’, gazteak lan-mundura sartzeko balio duena. Aldi berean Red Sarekin jarri du abian, gure Lurraldean ekintzailetza bideratzen duten agente guztien arteko lankidetza eta koordinazioa errazten duen ekintzailetza-ekosistema bat.

1989tik DEMA Enpresa Garapena Foru Agentziak enpleguaren eta ekintzailetzaren alde egin du lan beti ere bere helburu nagusia lortu nahian: Bizkaian enplegu  gehiago eta hobea sortzea. Agentziak enplegu eta ekintzailetza programak kudeatzen ditu herritarrentzat eta herritarrekin: bere programen oinarriak elkarrekin sortzea, inplikazioa eta lankidetza  solidarioa dira.


Argazkiak