Bizkaian argi daukagu. Errespetua eta aniztasuna gara

Osasuna eta ongizatea

Aldundiak pertsona guztien askatasunarekiko eta eskubideekiko konpromisoa berretsi du LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egunean

Maiatzaren 17a Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da; maiatzaren 17an ospatzen da egun horretan 1990ean Osasunaren Mundu Erakundeak bere buru-nahasteen zerrendatik homosexualitatea ezabatu zuelako.

Hala, maiatzeko egun hau lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta intersexualen (LGBTI) eskubideak aldarrikatzeko nazioarteko hainbat antolakuntza eta erakunderen artean partekatzen den egun bihurtu da.

Bizkaiko Foru Aldundiak LGTBIfobia erabat arbuiatuz berretsi egiten du diskriminazioaren aurkako borrokan dugun konpromisoa. Batez ere aurreiritziek eta ezjakintasunak eragindako diskriminazioa da, berdintasun-printzipioaren aurka egiten duena; izan ere, pertsona guztiak berdinak gara eta eskubide berberak ditugu, edozein dela ere gure sexu-orientazioa edo -identitatea. Zoritxarrez gure gizartean oraindik ere oztopo ugari daude, legezko berdintasuna benetako berdintasun eraginkor bihurtzea eragozten dutenak.

Sentsibilitate honek eta printzipio hauek, aurrerantzean ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren politikak markatuko dituzte, gizarte kohesionatuagoa, berdintasunezkoagoa eta bidezkoagoa lortzeko bitarteko gisa. LGTBI pertsonen aurka egiten diren gorroto-delituen azken zifrak eta kasu txundigarriak kontuan hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du eskubide eta askatasunetan erabateko gizartea eta herritartasuna lortzeko konpromisoa. Eskubide eta askatasun guztiak, pertsona guztiak.

Foru erakundeak mezu hau aukeratu du M-17rako goiburu gisa: "Bizkaian argi daukagu. Errespetua eta aniztasuna gara." #ErrespetatuM17 hashtagarekin batera.

Pertsona guztien eskubideen aldeko borrokari eutsi behar zaio, dagoeneko eskuratutako lorpenak ahaztu gabe. Foru Aldunditik azpimarratu nahi dugu pertsona guztiak aske eta berdin jaiotzen garela, eta inola ere ez direla onargarriak ustez sexu-orientazioak edo genero-identitateak justifikatutako gorroto-jarrerak, -ekintzak edo -delituak.