Bizkaiko Ekintzailetza Eskola

Enplegua
Ideiatik ekintzara pasatzeko prestakuntza eta edukiak dituen gunea.
Baliabide publiko berri horren sorrerako helburua da edonork diseinatu, indartu edo abiarazi ahal izan dezala enpresa-proiektu bat. Horretarako, sostengu espezializatua, eduki egokituak eta etengabeko sarbidea eskaintzen zaizkio, edozein delarik hasieran duen egoera edo bizilekutzat duen udalerria.
Ekintzailetza Eskola Bizkaiko ekintzaileen gaitasunak eta ezagutzak hobetzea helburu duen egitasmoa da; ekintzaile horiek, nolabaiteko espezializazio-maila izan dezaketen arren, askotan ez dituzte izaten haien proiektuak eraginkortasunez kudeatzeko eta garatzeko beharrezko ezagutzak.
Espazio honetan, profil ezberdinetako ekintzaileek zein ekintzailetzan lagun egiten duten pertsonek eta enpresak prestakuntza irisgarria aurkituko dute, etengabe eskuragarri egongo dena online, eduki malguak izango dituena eta egoera eta premia ezberdinetara egokituta egongo dena.
Ekintzailetzari, enpresari, salmentei eta ingurumen-eraginari buruzko online prestakuntza eskaintzen duen tresna, ekosistemaren errealitatearekin bat datorrena.
Herramienta que ofrece formación online en emprendimiento, empresa, ventas e IA; alineada con la realidad del ecosistema.
Ekintzailetza Eskolak 3 atal ditu:
1.- Ekintzaileentzako prestakuntza: ibilbide integral bat, ekintzailetzan zorroztasunez eta berdintasunean jarduteko
Eskolak ardatz duen ibilbide nagusia diseinatuta dago jarduera ekonomiko bat hasi nahi dutenentzat. Ibilbidea ekintzailetzako gaitasunei buruzko modulu batekin hasten da, adimen artifizialean oinarritutako tresna batean funtsatuta, zeinak aukera ematen baitu trebetasunak eta hobekuntza-arloak identifikatzeko.
Hortik aurrera, erabiltzaileak aurrera egiten du hainbat gela tematikotatik, zeinek era progresiboan jorratzen baitituzte enpresa-proiektu baten funtsezko elementuak: hasierako ideiaren analisia, merkatu-azterketa, kostuen egitura, inbertsioa, betebehar fiskal eta administratiboak, eta estrategia komertzialak, komunikazioa eta digitalizazioa. Plataformak, gainera, eduki praktikoen bidez erakusten du adimen artifizialeko tresnak nola erabili kudeaketa eta jarduera ekonomikoari aplikatuta.
Materialok, Bizkaiko profesionalek prestatu baitituzte, pedagogikoki egokituta daude, eta zenbait eratan aurkezten dira: azalpen-bideoak, ikus-entzunezko baliabide laburrak eta agertoki errealei aurrea hartzen laguntzen duten simulazioak. Ikuspegi horri esker, askotariko prestakuntza-profilak dituzten pertsonek -gaztelaniaz edo euskara ez dakitenak barne- berdintasun-baldintzetan aurrera egin ahal izango dute. Ibilbidea osatutakoan, eskolak ziurtagiri bat ematen du.
2.- Enpresarako prestakuntza: abian diren enpresentzako eguneraketa eta digitalizazioa
Plataformak badu orobat dagoeneko abian diren enpresentzako gune bat, jakintza eguneratzera eta enpresa-kudeaketa indartzera bideratua. Bertako baliabideen artean, nabarmentzekoa da Salmenta Eskola, Madrilgo Unibertsitate Autonomoari lotutako Salmenten Unibertsitate Eskolarekin lankidetzan garatua. Merkaturatze-, negoziatze- eta ixte-tekniketan zentratutako edukiak eskaintzen ditu.
Modulu honekin batera, eskolak AA eskaintzen du enpresentzat. Hirurogeitik gora bideo daude lau bloketan egituratuta, zeinetan esplikatzen baita adimen artifizialeko tresnak nola aplikatu eguneroko kudeaketa-lanetan, bezeroekiko harremanetan eta marketinean. Eduki hori sarbide irekikoa da, ez dago erregistratu beharrik, edozein pertsona edo negozio ingurune digital berriarekin trebatu ahal izatea bermatzeko.
3.- Ekintzailetza-eragileentzako prestakuntza: prestatzaileak prestatzea, lurralde-kohesioa indartzeko
Hirugarren lan-ildoa Bizkaian ekintzailetzari bidelaguntza egiten dioten profesionalentzat da. Etengabeko prestakuntzarako gune horrek eduki eguneratuak eskaintzen ditu hainbat gairi buruz, hala nola: araudia, sostengu-metodologiak, esku hartzeko tresnak eta joera emergenteak. Helburua da lurraldeari bidelaguntza homogeneo, sendo eta inklusiboa eskaintzea, halako moldez non ekintzaile guztiek jasotzen duten sostengua baliokidea izan dadin, beren jarduera non gauzatzen duten aintzat hartu gabe.
Eskola eboluzionatzen ari den plataforma gisa ulertzen da, eta edukiak eta baliabideak gehiagotzen joango da, prestakuntza-beharrizan berriak eta erronka emergenteak identifikatu ahala lurraldeko ekosistema ekintzailean.
Argibide gehiago
"Ekiteko, prestakuntza eta laguntza behar dira hasieratik"