Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Zirgari sariak

Gizarte-konpromisoa

Gala martxoaren 7an izango da, arratsaldez, Bilboko BBK aretoan. Sari hauen zortzigarren edizioa da.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k Bizkaiko emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egindako lana aitortu dute eta edizio honetan Zirgari 2023 sarien aintzatespena jaso dutenak Sara Estévez ‘Maratón’ (ohorezkoa), AMUGE eta Lanbroak (biak erakundeak, ex aequo) eta ESASek (proiektua) izan dira.

Sarbidea herritar guztientzat dago zabalik, aldez aurretik www.bizkaia.eus/inscripcion_social helbidean izena emanda.

Zirgari sariek hiru kategoria dituzte:

  • Ohorezkoa: Aurten Sara Estévez kazetariaren lana aitortzen da, 1952an Radio Juventud irratian lanean hasi zena. Sara Estévez futbola bezain maskulinizatuta dagoen kirol baten lehen emakume kronista izan zen eta, aldi berean, irratsaio bat zuzentzen zuen lehen emakumea izan zen. 1954tik 1990era erreferentzia izan zen bere kirol kronikengatik, baina 1973ra arte inork ez zuen jakin Maratón izengoitiaren atzean emakume bat zegoenik. Sara Estévezek 98 urte ditu gaur egun.
  • Erakundea, ex aequo: AMUGE Bizkaiko emakume ijitoen lehen elkartea izan zen, 2003an sortua aldarrikapen feministak ere planteatu nahi zituzten emakume talde baten ekimenari esker. 138 bazkide ditu, eta elkarte horretatik 500 emakume baino gehiago igaro dira azken hamarkadan. Bere etengabeko jarduerak emakume ijito asko ahaldundu ditu tailer, jardunaldi, topagune eta beste jarduera batzuei esker. Beste alde batetik, Lanbroa feminismoaren elkarte aitzindarietakoa izan zen Bizkaian, eta gure Lurralde Historikoko mugimendu feministan erreferentzia eztabaidaezina izatera iritsi zen; 70eko hamarkadan sortua, hasieratik salatu zituen emakumeen zapalkuntza eta patriarkatua eta lanaren banaketa sexuala, eta mugimendu feminista aldarrikatu zuen alderdi politikoetatik eta erakundeetatik kanpo.
  • Proiektua: ESAS (Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea) musika klasikoaren munduan, bai kontserbatorioetan eta musika-eskoletan, bai karrera profesionalean, emakumeek duten protagonismo faltari aurre egitea bilatzen duen erakundea da; izan ere, ia ez da emakumerik aurkitzen zuzendaritza, ekoizpena edo konposizioa bezalako esparruetan, eta emakume horien lanak nekez programatzen dira. ESASek emakumeek protagonismoa duten kultura-topaketak bultzatzen ditu, batez ere emakumeei lekua egiten dieten diziplina anitzeko proiektuen sarea bultzatuz.