Ertibil 40

Kultura eta sormena

ERTIBILen 40. urteurrenean, Rekalde Aretoa Bizkaiko sormen artistikoari lotutako espazio gardena eta agora izango da

40. edizio honek erreferentziakoa den eta iraupena duen eredu bilakatu du ERTIBIL BIZKAIA, Bizkaian egindako arte garaikideari dagokionez. ERTIBIL Bizkaiak lau hamarkada bete ditu eta Rekalde Aretoa obra bizi izatea lortu du. Foru aretoa agora bat izango da hiru hilabetez, hau da, batzeko eta lurraldeko ekoizpen artistikoaren gainean hausnarketa egiteko lekua izango da. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren aretoa lantoki edo tailerra ere izango da otsailera arte, hamar artista sortuberrik aretoan, in situ, garatu ahal izango dituztelako beren prozesu artistikoak; gero, lan horien emaitzak aurkeztuko dituzte otsailaren 16an aretoan egingo den topaketan. Rekalde aretora bisitan doazenak proiektuan parte hartuko duten artisten sormen-prozesuan murgiltzeko aukera izango dute. www.salarekalde.bizkaia.eus web gunean informazio guztia.

Rekalde Aretoan egingo da ERTIBIL 40. Hausnarketari, ospakizunari eta memoriari lotutako proposamen hori Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du, eta honako hauek osatzen dute talde kuratoriala: Juan Pablo Orduñez / MawatreS, Andrea Estankona, Ion Macareno eta Iván Gómez. Gaur goizean, Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, komisarioekin batera, 2023ko otsailera arte Rekalde Aretoan egongo den proposamena aurkeztu du.

Rekalde aretoa topagunea izango da, eraikitzen ari den kontakizuna erakusteko espazio bizia. ERTIBIL 40an ez dira amaitutako lanak erakutsiko; aitzitik, pentsatzeko prozesuak garatzen ari den toki horretan murgiltzeko aukera emango die bisitariei.

Rekalde aretora doazenek aretoaren arkeologia ikusi ahal izango dute, azken urteetako esku-hartze artistikoen hondarrak. Espazioaren itxura proposamenaren hausnarketa artistikoetako bat da, hainbat irakurketa dituzten beste jarduketa batzuen agertoki eta euskarri gisa erabiliko dena: horma zahar bat ikus-entzunezko pieza desberdinetarako pantaila bihurtzen da hemen, harmaila batek bisitaria gonbidatzen du Ertibil proiektuaz eta Bizkaiko ekoizpen artistikoaz sakontzera, eta Ertibil Bizkaiaren lau hamarkadetako katalogoak erakusten dituzten narrazio-gailuak izango dira paretetan. Datozen egunetan hainbat ekintza, proposamen eta elkarrizketa izango dira, errizomaren antzera hedatzen direnak, elkarrekin pentsatzeko esperientzia bera jardueraren erdigune bihurtuz. EHUko Arte Ederren Fakultateak Agiri kulturala ziurtagiria emango die Ertibil 40 ekintzaren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzen dutenei.

Jardueren egitaraua

(abenduaren 15a, urtarrilaren 12a-19a-26a, otsailaren 2a, otsailaren 9a)

Hiru hilabetean zehar, ostegun batzuetan, dinamika bat aurkeztuko da Rekalde aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Artista plastikoek parte hartuko dute, eta hausnarketa-gai bat planteatuko zaie.

Topaketa horiek hainbat formatutan egingo dira: tailerra, hitzaldia, eztabaida, aurkezpena, mahai-ingurua eta abar. Saio bakoitzarekin batera, hausnarketa bultzatuko duten beste dinamika batzuk ere izango dira, hala nola soinu entzutea, diapositiben ikustaldi bat, moda desfile bat, kontzertu bat eta performance bat.

Honako hauek izango dira dinamizatzaileak: Marion Cruza, Abigail Lazkoz, Elena Mendizabal, Txuspo Poyo, Jaime Cuenca, Zigor Barayazarra, Ixone Sádaba, Miriam Isasi, Taxio Ardanaz, sraPolaroiska, Naia del Castillo, Gema Intxausti, Nora Aurrekoetxea, Irati Inoriza, Miren Arenzana, consonni, Mikel Onandia eta Maider López.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ERTIBIL Bizkaia Ikus-arteen Erakusketak 800 artelan inguru aztertu ditu, lau hamarkada hauetan lurralde osoan azaleratzen ari diren 500 artista baino gehiagoren lanak. 1983ko lehenengo ediziotik hona, ERTIBILek beren sorkuntza-lana Bizkaian garatzen duten artista hasiberriak laguntzea eta bultzatzea du helburua. Azken urteetan, Ertibil Bizkaia hara eta hona ibiltzeko abiapuntua da Rekalde aretoa.

"ERTIBIL Bizkaia 40 urtean zehar"