DEIALDIAK

JARDUERAK

'Ibilbide Historikoak' bisita gidatuen programa

ITXIA

Aurkezpen-epea

Epea amaituta 2024/09/22

EDUKIA

'Ibilbide Historikoak' bisita gidatuen programak ibilbide hauek proposatzen ditu: Ibilbide arkeologikoak Urdaibaiko aztarnategietan, burdinoletako bideak Lea eta Barbadun ibaietan eta Bizkaiko Zin-bidea.

Guztira 8 plan dira, ekainetik irailera bitartekoak, Bizkaiko leku ezezagunak, normalean bisitatu ezin diren leku paregabeak eta bereziak ezagutzeko.

Hamahirugarren edizio honetan, ibilbideak tren turistikoan nahiz oinez egin ahal izango dira, naturaz, paisaiaz, ondareaz eta historiaz gozatu bitartean; horretaz gain, mendi-ibiliak egiteko aukera eskainiko da, bai eta martxan dauden ikerketa eta indusketen berritasun interesgarriak ezagutzeko ere.

Erreserbak 688.856.689 telefonoan edo ibilbideak@bizkaia.eus helbidean

Burdinoletako bideak (ekaina)

Bisita gidatuen programa datorren ekainean hasiko da, Burdinoletako bideekin. Ibilbide horietan Bizkaiko industriaurreko historia ezagutarazi nahi da, ibaien arroei, inguruko basoen eta meatzaritzaren aberastasunari eta espiritu berritzaile eta ekintzaileari lotua. Burdinola, errota eta tresna hidrauliko horiek oparotasun garaiak ekarri zituzten.

Bisita gidatu horietan parte hartzen dutenek Barbadun (Enkarterri) eta Lea (Lea Artibai) ibaietako ur-bazterrak ezagutu ahalko dituzte. Bi ibai-arro horiek kultura-ondasun gisa kalifikatu dira, monumentu-multzoaren kategoriarekin (Lea 2015ean eta Barbadun 2017an), haien ibaiertzetako ondarearen berezitasuna dela eta. Eraikin, presa, ur-biltegi eta ubideek, zubi eta bideekin uztartuta, jarraipena ematen diote multzoari eta burdinaren kultura-paisaiak interpretatzen laguntzen digute.

Barbadungo ibilbidea ibai enblematiko horri lotuta dago; izan ere, Bizkaiko Jaurerriko burdinola eta erroten industriaren motorretako bat izan zen ibai hori. Ibaiak, landarediak eta ibaiertzeko basoek sortzen duten atmosfera lasaian, harridura sortzen dute bidean agertzen diren burdinolen istorioek. Bisitatuko direnen artean daude Llantada burdinola (Sopuerta) Ballibiako errota eta burdinola (Galdames) eta El Pobaleko Burdinola ezaguna (Muskiz). Gainera, El Pobal Bizkaiko burdinola-museo bakarra da, eta bertan, garaiko makineria osoa gorde da eta martxan ikusteko aukera dago.

Lea ibaiaren burdinolaren ibilbidean, bisitariek ibilgu horren edertasunaz gozatuko dute. Izan ere, ibilgu horretan denbora gelditu dela dirudi, eta han-hemenka burdinolak eta errotak ikusi daitezke, dorre, jauregi, baserri eta baselizekin batera, industriaurreko gizartearen bereizgarri den paisaia batean egongo bagina bezala. Pedro Bernando Villareal de Berriz «ibai-ingeniari» ospetsuaren aztarna nabaria da ibilbide horretan. Besteak beste, Bengolea dorretxea eta burdinola eta Marierrota marea-errota ikus daitezke. Lea ibaiaren burdinolaren ibilbideak Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa eta Lekeitio udalerriak zeharkatzen ditu.

Bi ibilbideak oinez zein autobusez egin daitezke.

Ibilbide arkeologikoak Urdaibain, gure Historia lurpetik ateratzen (uztaila eta abuztua)

Urdaibaiko ibilbide arkeologikoen bidez, Urdaibaiko eta Bizkaiko Historiaren 5000 urteko historia ezagutu ahal izango da, Neolitotik Erdi Arora arte, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paisaia ederraz gozatu.

Urdaibaiko aztarnategi arkeologiko nagusiak uztailean eta abuztuan bisitatzeko aukera eskaintzen zaio jendeari. Ibilbide arkeologikoen egutegiak era guztietako bisitak biltzen ditu: tren turistikoan; oinez; arkeologiako, biologiako, toponimiako eta euskal filologiako adituen eskutik; bisita bereziak zeinu-hizkuntzan, etab. Gainera, programak bidaia bat proposatzen du denboran zehar: errealitate birtualaren bidez, Foruko erromatar herrixkara eta Arrolako oppidumera eramaten gaitu.

Aurtengo berritasunetako bat da Foruko erromatar herrixkan aritzen diren arkeologia-taldeak lanean ikusi ahal ditugula.

Kultura eskaintza horrek, Bizkaiko (Urdaibai) historiako gertaera erabakigarriak ezagutarazteaz gain, natura-ingurunearen eta ondarearen zaintza eta jasangarritasuna bermatu nahi ditu. Horregatik, bisitak talde txikietan egingo dira; gainera, bisita batzuk oinez egingo dira, eta, beste kasu batzuetan, tren turistiko batean, jende gehiagok parte har dezan.

Programak bost ibilbide gidatu ditu aztarnategi arkeologiko hauetan: Arrolako oppiduma (Arratzu), Foruko erromatar herrixka, Tribisburuko nekropoli erromatarra (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelua (Ereño) eta Katillotxuko estazio megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).

Arrolako oppiduma (Arratzu)

Arrolako oppiduma (Arratzu) Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia ezagutzeko bisita birtuala izango da, tablet bat erabiliz.

Arrolako oppiduma Kantauri Ekialdeko erromatarren aurreko herrixka garrantzitsuenetako bat da. Arrola mendian kokatuta, Burdin Aroko sekulako talaia eta defentsa-ingeniaritzaren erakusgarria da. Bisita osatzeko, Arrolagune interpretazio-zentroan (Arratzu) Arrolako oppidumeko etxebizitza bat erakusten da, garai hartako bizimodua azaltzeko.

Erromatar herrixka (Forua)

Foruko erromatar herrixkara egindako bisita birtualak iraganera eramaten gaitu, Kristo ondorengo I. mendeko herrixkara. Tablet baten bitartez, herrixka duela ia 2000 urte nolakoa zen ikusi ahal dugu, eta horrela, historia eta kultur ondarea herritarrengana gehiago hurbiltzea lortzen da.

Foruko erromatar herrixka Kristo ondorengo I. mendekoa da eta Elexalde mendixkan dago, Oka ibaiaren ezkerraldeko ibaiertzean, Urdaibaiko bihotzean. Herrixka ez ezik, Tourseko San Martin eliza ere bisitatzen da. Eliza horren zoru beiraztatuaren azpian, erromatarren foroaren parte ziren eraikin ikaragarrien eta antzinako nekropolien aztarna baliotsuak daude, besteak beste.

Tribisburuko nekropolia (Bermeo)

Erromatarren garaiko errausketarako nekropoliaren hilobiak eta hileta-errituak ikusi ahal dira. Nekropolia Sollube mendian dago, eta duela 2000 urte Urdaibaiko alde horretan bizi zirenek erabiltzen zuten.

Ereñozar gaztelua (Ereño)

Ereñozar mendiaren tontorra gaur egun Urdaibaiko estuarioaren zelataria da, eta hala izan da duela 1000 urtetik hona, Tontorrean kokatutako ermita txikian kondaira eta historia batzen dira. Bertan, XI. eta XIII. mendeen artean jardunean egon zen gaztelu baten eta geroagoko nekropoli baten aztarnak ikus daitezke. Nekropoli horretan, Ereñozar mendiaren oinetan zeuden herrixketako biztanleak lurperatzen ziren, XVI. mendean Ereñoko eliza eraiki baino lehen.

Katillotxuko estazio megalitikoa (Busturia, Sukarrieta, Mundaka)

Bizkaiko historiaurreko hileta-ohiturak eta -errituak ezagutzeko ezinbesteko bisita. Ibilbidea oinez egiten da, Katillotxu mendiko paisaia ikusgarrian trikuharriak eta tumuluak gertutik ikusten diren bitartean.

Bizkaiko Zin-bidea Gernikako Arbolatik harago (iraila)

Bizkaiko Foru Aldundiaren 2024ko Ibilbide Historikoak programa irailean amaituko da, Bizkaiko Zin-bidea ibilbidearekin. Bizkaiko Zin-bidea Bizkaiko Jaunak foruen zina egiten zuen tokietatik igarotzen da. Gure lurralde historikoaren bihotza zeharkatzeko eta gure identitate politikoaren jatorria ezagutzeko modu interesgarria da. Ondarea, historia, mendi-ibiliak eta paisaia.

Ibilbidea hiru etapatan egiten da, eta bi eratara egin daiteke: oinez hiru egunetan, edo autobusez egun bakar batean (goizez).

Zin-bidea Bilbotik abiatzen zen, Gernika-Lumon zuen erdigunea eta Bermeon amaitzen zen. Ibilbide horretan, Bizkaiko foruen zina egiten zen lekuak eta monumentuak ezagutuko dira. Gure historia eta Bizkaiko foruen esentzia dira esperientzia honen ardatz nagusia, eta oso aukera ona da gure ondare historiko ezezagunena eta Bizkaiko barnealdeko eta kostaldeko paisaien aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko.

ARGIBIDE GEHIAGO

DEIALDI-EGILEA

Bizkaiko Foru Aldundia

688.856.689

Bizkaikoa

ibilbideak@bizkaia.eu

Bizkaikoa