Vigilantes de la jaia

Osasuna eta ongizatea

Sexu-indarkeriarik gabeko jaiak

Elkartzeko eta pozik gozatzeko sasoia da. Udaro bezala, Bizkaia festaz eta dibertsioz beteko da. Berdina al da neskentzat eta mutilentzat?

Bizkaiko Foru Aldundiak dei egiten dio gizarte osoari, batez ere mutil gazteei, jai libre, alai, errespetuzko eta dibertigarriak eraikitzeko.

Mutilok: aliatu izatera gonbidatzen zaituztegu; neskekin kidez kide dibertitzera; haiekin bat egitera, indarkeriazko eta jazarpenezko jarrerak salatzen; sexu-erasoen aurkako gaitzespen-adierazpenetara batzera; beste mutil batzuei erakustera ondo pasatzerik ez dagoela, indarkeria tartean bada.

2024ko hau inoizko udarik onena izan daiteke, lagunekin berdintasunean lotzen zaituen dibertsioaren alde egiten baduzu.

Sexu-indarkeriaren biktimei arreta osoa emateko zerbitzua: laguntzeko gaude

Sexu-indarkeria jasaten duten edo jasan duten emakumeentzat

Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, aurrez aurre egin daiteke, Bilboko Ledesma kaleko zentro honetan (10. zk. bis, 7.solairua), telefonoz (900 840 977), posta elektroniko bidez (atencionviolenciasexual@bizkaia.eus) edo webgunetik —bertan txat-zerbitzua ere eskaintzen da— (arreta zerbitzuak).).

ESKAINTZEN DIREN ARRETAK

Krisi-egoeretan arreta emateko zentroan —horren kokapena konfidentziala da— honako hauek eskaintzen dira: larrialdi-egoeretan esku hartzea (24/7); informazioa eta aholkularitza (24/7); aldi baterako ostatua; banakako arreta psikologikoa; aholkularitza soziojuridikoa; gizarte-arreta; garraioa eta itzulpengintza. Hain zuzen ere, biktima zenbait egunez zentro honek dituen bost egoitza-plazetako batean kokatu daitekeelako da konfidentziala haren kokapena.

Bilboko Ledesma kalean dagoen Herritarren Arretarako eta Berreskuratze Integralerako Zentroak honako ordutegi hauetan ematen du zerbitzua: astelehenetik ostegunera, goizeko bederatzietatik arratsaldeko seietara eta, ostiraletan, goizeko zortzietatik arratsaldeko hiruretara. Bertan, herritarrentzako eta profesionalentzako arretaren esparruan, informazioa eta aholkularitza, gizarte-arreta, aholkularitza soziojuridikoa, banakako arreta psikologikoa, itzulpengintza eta prestakuntza/kontzientziazioa/dibulgazioa eskaintzen dira. Berreskuratze integralaren esparruan, ordutegi berberekin, gizarte-arreta, aholkularitza soziojuridikoa, banakako arreta psikologikoa eta itzulpengintza eskaintzen dira.

Beraz, oro har, Sexu-indarkeriaren biktimei laguntza integrala emateko zerbitzuak honako hauei eskaintzen dizkie zerbitzuak: sexu-indarkeriaren biktima diren eta bizirik atera diren 18 urtetik gorako emakumeei; sexu-indarkeriaren biktima diren eta bizirik atera diren adingabeei —baldin eta Haurren Zerbitzuaren babespean ez badaude—; biktimaren ingurukoen senide eta pertsonei; gizarte-zerbitzuen, zerbitzu sanitarioen, zerbitzu juridikoen, hezkuntza-zerbitzuen eta abarren arloko profesionalei; eta, oro har, herritarrei.

Deitu 900 840 977 telefonora. 365 egunetan, 24 orduz egunean.

ERREGISTRATUTAKO SEXU-ERASOAK % 45 IGO DIRA BI URTEAN

Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiak matxismoaren ondorioz emakumeek Bizkaian jasaten duten indarkeriaren errealitateari buruzko informazioa jasotzen du. Informazio horretan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak sexu-askatasunaren aurkako biktimizazioei buruz ematen dituen zifren berri ematen da.

Ildo horretan, 2023an sexu-askatasunaren aurkako 325 biktimizazio zenbatu ziren Bizkaian, hau da, % 18,61 gehiago 2022an baino. 2022an % 22,32 igo ziren aurreko urtearekin alderatuta.

Bestela esanda, bi urtean, 2021etik 2023ra bitartean, Bizkaian zenbatutako sexu-askatasunaren aurkako biktimizazioak 224tik 325era igaro ziren, hau da, % 45,08ko igoera izan da. Testuinguruan jartzearren, gainerako biktimizazioak (bikotekidea eta bikotekide ohia + familia barrukoa) % 18,62 igo ziren aldi horretan bertan; beraz, Bizkaian azken bi urteetan zenbatutako sexu-askatasunaren aurkako biktimizazioen igoerak gainerako biktimizazioek izandako igoera bikoiztu du.

2023ko datu horiek erakusten duten beste errealitate batzuk dira sexu-askatasunaren aurkako biktimizazioen % 64,61 ostiralean, larunbatean edo igandean gertatzen direla, edo ia hirutik bat gaueko hamarrak eta goizaldeko ordu biak bitartean gertatzen dela (% 30,15).

Inplikatutako pertsonen adinari dagokionez, erasotzaile gehienak 30 eta 49 urte bitartekoak dira (erasotzaile guztien % 42,85 2023an), baina biktima gehienek 21 urte baino gutxiago dituzte (biktima guztien % 55,93 2023an).

Biktimen eta erasotzaileen adina zehatzago aztertuz gero, nabarmentzekoa da, halaber, adingabeak izan zirela biktimen % 42,81, eta erasotzaileen % 12,08.

" jai libre, alai, errespetuzko eta dibertigarria"