2019(e)ko urtarrilaren 26(a) 10:00

Bizkaiko Foru Aldundiak sormen artistikorako beka eta laguntza eskatzeko epea zabaldu du otsailaren 21era arte

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Foru Aldundiak 275.000 euroko partida erabiliko du 2018ko ekitaldian arte plastikoen, ikusmen-arteen, arte dramatikoaren, musikaren eta dantzaren modalitateetan prestakuntzako bekak eta laguntzak emateko. Halaber, Ertibilen edizio berrian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 30ean hasiko da. Informazio guztia web orri honetan kontsultatu daiteke: www.bizkaia.eus/kulturadirulaguntzak

Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Sailak beken deialdi publikoa egin du arte plastikoen, ikusmen-arteen, arte dramatikoaren, musikaren eta dantzaren modalitateetan, eta laguntzen deialdi publikoa bakarrik musikaren, eta dantzaren modalitateetan.

Arte plastiko eta ikus-arteen arloan 55.000 euro emango dira arte sorkuntzako proiektuak egitea helburu izango duten beketarako. Proiektu horiek prestakuntza-zentro espezializatuetan eta erreferentziazkoetan garatu ahalko dira.

Arte dramatikoaren esparruan foru erakundeak 58.000 euro jarriko ditu honako xede hauek dituzten beketarako: antzezleen prestakuntzarako eta hobekuntzarako ikasketak; antzerki-zuzendaritza, eszenografia, luminoteknia, soinu eta jantziteria ikasketak; eta zinema-zuzendaritzarako trebatzeko ikasketak, Bizkaitik kanpo egiten badira.

Arlo horretan laguntzak ere emango dira ikastaroak egiteko edonon eta edozein motatako zentroetan (publikoetan zein pribatuetan). Horretarako 12.000 euro jarriko dira.

Beste alde batetik, musikaren arloan 68.000 euroko partida bat jarri da beketarako eta 7.000 euro laguntzetarako. Beka horien bidez, Bizkaitik kanpo ematen diren prestakuntza edota hobekuntza ikasketak egingo dira kontserbatorioetako ikasketa-planetan onartutako edozein instrumentuko hobekuntza musikalerako, bai eta zuzendaritzarako edo konposiziorako ere.

Musikarako laguntzen bitartez honako hauek egingo dira: mintegiak, eskola magistralak, ikastaroak zentro espezializatuetan (publiko nahiz pribatuak) edo izen handiko irakasle partikularrekikoak, edonon, Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten direnak salbuespen bakarra izanda. Aurrean aipatutako arloei egin beharko diete erreferentzia, eta betekizun berberak bete beharko dira, titulazioari dagokionez, haiek eskuratu ahal izateko.

Dantza sustatzearren, foru erakundeak 61.000 euro jarriko ditu beketarako eta 14.000 euro laguntzetarako. Kasu horretan, dantza arautuko prestakuntza eta hobekuntza ikasketak egitea izango da beken helburua, baita koreografiako prestakuntza ere, Bizkaitik kanpo ematen dena. Kanpoan geratuko dira ikerketarekin zerikusia duten proiektuak.

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago 2019ko otsailaren 21era arte. Argibide gehiago, hemen

Bestalde, aurten ERTIBIL-BIZKAIA 2019 ospatuko da. Ikus-arteen erakusketa ibiltariaren edizio berrian pintura, eskultura, grabatua, argazkilaritza eta DVD eta bideo arloetako lanak ikusi ahal izango dira. Erakusketa hainbat udalerritan egongo da ikusgai.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak, lurraldean gorantz egiten ari diren artisten sorkuntza-ekimenak babesteko eta ikus-arteak hedatu eta sustatzeko, 76.000 euroko inbertsioa egin du "Ertibil-Bizkaia" erakusketaren beste edizio batean. "Ertibil-Bizkaia" programa Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu artistiko nagusietako bat da publiko zabalari begira, eta arte garaikidearen punta-puntako osagai berri, plural eta askotarikoak gizarte osoari eskura jartzea du helburu.

Oraingo edizioan, gainera, arte-egonaldiak egingo dira Japoniako zentro espezializatuetan. Horrela, Bizkaiko artistak nazioartekotu egingo dira erreferentziako beste sorkuntza gune batzuetan.

Deialdia zabalik dago Bizkaiko edozein udalerritan erroldatutako artista guztientzat.

Eskaera aurkezteko epea:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez aurkezten dutenentzat:
    • Agiriak: 2019ko urtarrilaren 30etik otsailaren 7ra arte (biak barne).
    • Obra: 2019ko otsailaren 6an eta 7an, 10:00etatik 13:30era, Basauriko Elkartegian (Cervantes etorbidea 49, 33. modulua).
  • Basauriko Elkartegira joan eta eskaera bertan aurkezten dutenentzat: agiriak eta obra, 2019ko otsailaren 6an eta 7an.

Informazio guztia eskura dago webgune honetan: www.bizkaia.eus/kulturadirulaguntzak.