2023(e)ko azaroaren 24(a) 15:23

Aldundiak udalekin duen lankidetza berritu du, gizarte-kohesioa hobetuko duen gazteriaren arloko politika bat egiteko

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Udal Gaztediren Lurralde Kontseiluak 2023ko ekitaldiari dagokion ohiko bilkura egin du, Foru Aldundiaren eta udalen arteko aliantzak berritzeko eta hobetzeko, datozen lau urteetan aldundiak gazteriaren arloan izango duen ibilbide-orria garatze aldera, zeina Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren eskumena baita.

Teresa Laespada.

Laespada: «Gazteek aukera izan behar dute beren bizi-proiektua Bizkaian garatzeko»

Udal Gaztediren Lurralde Kontseiluak 2023ko ekitaldiari dagokion ohiko bilkura egin du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian, Aldundiaren eta udalen arteko aliantzak, leialtasunaren eta lankidetzaren printzipioetan oinarrituak, berritzeko eta hobetzeko helburuarekin, datozen lau urteetan aldundiak gazteriaren arloan izango duen ibilbide-orria garatze aldera, hain zuzen, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailaren eskumen berria, eta Bizkaia kohesionatua eraikitzeko funtsezko ardatza: berdintasunezkoa, plurala, askotarikoa eta inklusiboa.

Bizkaiko ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatu den Teresa Laespadak, Gizarte Kohesioa Sustatzeko zuzendari nagusia den Ignacio Rodríguezek eta Bizkaiko 70 bat udalerritako alkateek, zinegotziek, arloko arduradunek eta teknikariek parte hartu dute aldundiak gazteriaren arloan duen eta lurralde-dimentsioan gazteriaren arloko politika integralak barne hartzen dituen plan estrategikoaren informazio-, jarraipen- eta ebaluazio-organoaren jardunaldian.

GAZTERIAREN ARLOKO HELBURUAK

Gazteriaren arloan hobekuntza etengabea eta berrikuntza bultzatzeko gogoeta-gune honetan —horixe baita Udal Gaztediren Lurralde Kontseilua—, datozen lau urteetarako arlo horretako helburuak ezagutarazi dira:

  • Bizkaia Gazteak 2030 estrategia garatzen jarraitzea, estrategia hori erreferentziazko esparrua baita Bizkaiko gazteriaren arloko politiketarako;
  • 2035. urtearen amaieran, Bizkaia Gazteak estrategiaren lehen etaparen tarteko ebaluazioa egitea, programak egokiak diren eta helburu estrategikoak indarrean dauden aztertzeko eta estrategia horretan hobekuntza-arloak sartzeko;
  • Emantzipazioaren alde egitea, gazteriaren arloan dugun ekintzaren ardatz nagusi gisa, gazte emantzipatu gehiago bizi daitezen 2027an, Bizkaia Gazteak 2030 gazteriaren foru-estrategiak ezartzen duen moduan, aldunditik jarduketa-ildo desberdinetan lan eginez;
  • Udal Gaztedi programa bultzatzea, gazteek eurei eragiten dieten politikak prestatzeko eta ebaluatzeko lanetan parte har dezatela sustatzeko;
  • Emantzipatzeko zailtasunik handienak dituzten gazteei helduarora igarotzeko prozesuan laguntzea;
  • Eusko Jaurlaritzarekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea gazteen emantzipazioari laguntzeko funtsezko zenbait arlotan, hala nola etxebizitza eta enplegua; 
  • Asoziazionismoa, boluntariotza eta politika publikoen diseinuan parte-hartze aktiboa bultzatzea, gazteak gizartea eraldatzeko eta eraikitzeko prozesuaren katalizatzaile bihurtzeko;
  • Aldundiaren eta Bizkaiko gazteen arteko lotura indartzeko lan egitea.

Laespadak gogorarazi duenez, gazteak funtsezko ardatza dira lurralderako etorkizun hobea eraikitzeko eta, horregatik, gazteek beren bizi-proiektua Bizkaian garatu ahal izateko baldintzak sortu behar ditugu. Talentua sortu, babestu eta fidelizatu, baita talentua erakarri ere.

Hori dela eta, Udal Gaztediren Lurralde Kontseiluan lankidetza-proposamen bat helarazi die udalei eta tokiko erakunde eta instituzio guztiei, ezinbesteko aliatuak baitira gure gazteentzat bizitza ona bilatzea eta haiei itxaropena eta bizitza duina eta osoa izateko tresnak ematea helburu duen lanean, pertsona horiek gabe ez baita Bizkaiarik egongo.

Azkenik, belaunaldi gazteek aurrean izango dituzten arazo eta errealitate anitz, askotariko eta aldakorrak aipatu ditu Laespadak, gazteriaren arloko esku-hartze publikoa gero eta gehiago eskatzea eta zorrotzagoa izatea eragiten baitute, amaitzeko esan duenez.


Bideoak