2024(e)ko otsailaren 13(a) 12:09

Aldundiak kanpaina bat jarri du martxan maitasun erromantikoak ezkutatzen dituen desberdintasunei buruz hausnartzeko

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak ekimen bat antolatu du otsailaren 14aren harira (San Valentin), bereziki emakumeentzat kaltegarria den maitasunaren kontzeptuari buruz sentsibilizatze aldera; horren bidez, maitasunari eta harreman sanoei buruz galderak egitera eta hausnartzera bultzatu nahi dute. Bizkaiko herritar guztiei dago zuzenduta, baina gehienbat gazteei, eta kanpainak formatu digitala ez ezik kaleko ekintza ere hartuko du barne, Bilboko Intermodal plazan.

Teresa Laespada eta Patricia Campelo.

Laespada: “Matxismoaren, desberdintasunaren eta horren ondorioen aurka sentsibilizatzeko ahalegina egiten jarraitzen dugu”

Bizkaiko Foru Aldundiak maitasun erromantikoaren mitoak sortutako desberdintasunei aurre egiteko kanpaina bat jarriko du martxan.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak ekimen bat antolatu du otsailaren 14aren harira (San Valentin eguna), bereziki emakumeentzat kaltegarria den maitasunaren kontzeptuari buruz sentsibilizatze aldera; maitasunari eta harreman sanoei buruz galderak egitera eta hausnartzera bultzatu nahi dute.

Bizkaiko herritar guztiei dago zuzenduta baina bereziki gazteei; hala, kanpainak zabalpen handia izango du formatu digitaleko sare sozialetan eta komunikabideetan, eta horrez gain kaleko ekintza hartuko du barne.

"San Valentin FAQ" (Frecuently Asked Questions/Ohiko galderak) lelopean eta traola hori erabilita, honako galdera hauek planteatu nahi dira, besteak beste:"Ez al naiz ezer zu barik? Benetan?"; "Jeloskorra izatea benetako maitasunaren ikur ote da?", "Sare sozialetan beste pertsona batzuei like ematea nire bikotekidea traizionatzea ote da?". Eta bereziki, "Uste al duzu maitasun erromantikoaren mitoak desberdintasuna sortzen duela?"

Horrela aurkeztu du gaurko prentsaurrekoan diputatu nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatua den Teresa Laespadak, eta ohartarazi du tranpak daudela errealitatetik izugarri aldetzen diren idealizazio eta desberdintasunetan oinarritutako harreman-ereduetan.

Kanpaina honen helburua da berdintasunean oinarritutako harreman sanoak eta aberasgarriak eraikitzea. Maitasun erromantikoaren mitoaren aurkako kanpaina da; hala ere, aldi berean, maitasuna aldarrikatzeko kanpaina ere bada. Horrexegatik, maiteminduta dauden pertsona guztiek San Valentin egun zoriontsua izan dezatela nahi dugu, berdintasunean oinarrituta, gehitu du.

Laespadak hauxe nabarmendu du: matxismoaren, desberdintasunaren eta horren ondorioen aurka sentsibilizatzeko ahalegina egiten jarraitzen dugu. Ia-ia urte osoan zehar ditugun ekintzak dira. Ezinbestekoa da erakundeetan mota horretako mezuak sendotzen jarraitzea, eta horiekin bat egitera eta parte hartzera animatu nahi ditugu eragile ekonomikoak, sozialak eta herritar guztiak.

Kanpaina zabaltzea

Kanpainak zabalkunde handia izango du formatu digitaleko sare sozialetan eta komunikabideetan; Bizkaiko herritar guztiei zuzenduta dago, baina bereziki gazteei.

Horrez gain, kaleko ekintza egingo da Bilboko Intermodal geltokiko plazan hiru egunez egongo den instalazioan. Pasealekua eta garraio ugari konektatzen diren tokia, nondik gazte ugari igarotzen baitira.

Instalazioak mahai baten itxura du, eta gogora ekartzen du elkar ezagutzen hasten diren bi pertsona lehenengo aldiz geratzen direnean bazkaltzeko edo afaltzeko. Intimitatea eta esplorazio emozionala gogorarazten duen tokian, pertsona guztiei animatu nahi zaie eskuragarri dauden pegatinak jarri ditzaten. Erantzunak, galdera berriak, oharrak eta abar idazteko pegatinak dira.

Gizon eta emakumeen harremanen gaineko pertzepzio soziala

Datu objektiboen arabera, ezinbestekoa da berdintasunaren alorrean lanean jarraitzea eta jarraipena ematea gure gizartean oraindik dagoen emakume eta gizonen arteko desberdintasun-egoera antzemateko sentsibilizazio-ekimenei.

Reina Sofía Fundazioak egindako inkestan, zeina Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak finantzatu baitzuen, adierazi zen lau gizon gazteetatik batek uste duela indarkeria matxista ez dela existitzen edo asmakizun ideologikoa dela. Ehuneko zehatza mutilen % 23,1 da.

Horrez gain, mutilen % 32,5ek adierazi du indarkeria matxista beti egon dela eta ekidinezina dela. Halaber, % 19,2k uste du indarkeria matxista ez dela arazoa baldin eta arina bada.

15 eta 29 urte arteko gazteei egindako inkestaren arabera, neska-mutilak aintzat hartuta, inkesta egin zuten gazteen % 87k aitortu zuen beren inguru hurbilean gizonek emakumeen aurka eragindako indarkeria-kasuren bat ezagutzen zuela. Denetariko indarkeriak: kontrolekoa, fisikoa, psikologikoa, sexuala...

Indarkeria-ekintza horietako asko justifikatuta daude edo maitasuna adierazteko modutzat jotzen dira. Desberdintasun-estereotipoetan oinarritutako maitasuna, hau da, emakumeen aurkako indarkeria eragiten duten harremanak barne hartzen dituena. Horixe da errealitatea. Maitasunaren eredua, gure gizartearen oinarrizko beste hainbat alderdi bezala, giltzarri matxistak oinarritzat hartuta eraiki da, ondorioztatu du Laespadak.


Bideoak


Audioak