2024(e)ko ekainaren 16(a) 09:30

«Sendiko» programari esker, 88 familia zaurgarriri eman zaie arreta, haien ikastetxeekin lankidetzan

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailaren ekimenez sortutako programa hori proiektu pilotu bat da, helburu duena esku-hartze psikosozialaren bidez harreman osasuntsu eta gogobetegarriak eraikitzea. Programa familiei eta adingabeei zuzenduta dago; hain zuzen ere, ikastetxeek antzemanda, maila indibidualean, familian eta/edo eskolan beren garapena eragozten duten arrisku-faktoreak dituzten horiei.

Sendiko.

Laespada: «familia-eskola-komunitatea hirukian lan egiten dugu»

Ekimena abian jarri zenetik lehenengo bi ikasturte hauetan, «Sendiko» programak 88 familia zaurgarriri eman ahal izan die arreta, haien ikastetxeekin lankidetzan. 2022-23an, Lehen Hezkuntzako lau ikastetxetan garatu zen ekimena, eta, 2023-24an, bost ikastetxetara zabaldu zen —Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bat sartu zen—. Zehazki, honako hauek hartu dute parte: Zurbaranbarri HLHI, CEIP Kueto HLHI, CEIP Hijas de la Cruz-Patronato, CEIP Soloarte LHI, eta IES Ignacio Ellacuria-Zurbaran BHI.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailaren ekimenez sortutako «Sendiko» programa planteatu zen kalteberatasun sozial handiko egoeran dauden familiekin esku-hartze psikosoziala egiteko proiektu pilotu gisa, helburu orokor batekin: hartzaileak gai izatea harreman osasuntsu eta gogobetegarriak eraikitzeko, haien loturak indartuta, kalteberatasun handiko egoerak gaindituta, eta familia-bizikidetza eta guraso-gaikuntza hobetuta.

«Sendiko»ren bidez, alde batetik, esku-hartze psikosozialeko, diagnostikoko eta tratamendu indibidualeko eta/edo talde-tratamenduko eta familia- eta harreman-tratamenduko prozesuak egiten dira familiekin; eta, beste alde batetik, laguntza, gainbegiratzea eta formakuntza eskaintzen zaie familia horiei alderdi sozialetik eta hezkuntzaren aldetik lagun egiten dieten profesionalei. Hori guztia, betiere, gizarte-zerbitzuekin eta komunitatearen beraren laguntza-sare informalarekin koordinatuta.

«Sendiko», beraz, beste erakunde eta gizarte-baliabide batzuk osatzeko eta haiekin koordinatzeko programa psikosozial bat da, familia-eskola-komunitatea eskematik lan egin nahi duena.

Programaren hartzaileak dira familiak eta adingabeak; hain zuzen ere, ikastetxeek antzemanda, maila indibidualean, familian eta/edo eskolan beren garapena eragozten duten arrisku-faktoreak dituztenak.

Horri dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatu eta ahaldun nagusiorde Teresa Laespadak nabarmendu duenez, foru-gobernuak, "Sendiko" programaren bidez, hazkuntzan zailtasun gehien dituzten familiekin lan egin nahi du, adingabeen artean harreman positiboak lortzeko eta aiten eta amen guraso-gaitasuna areagotzeko.

Era berean, foru-diputatuak baieztatu duenez, "Sendiko"k, urte hauetan bietan, erakutsi du oso tresna indartsua dela adingabeek harreman positiboak garatzeko, eta familia-eskola-komunitatea hirukian erabat beharrezkoa zen jarduera garatu du, zeina, finean, gizarte osoarentzat baita onuragarria.

Helburu espezifikoak

Familiei eta guraso-figurei dagokienez, honako hauek dira «Sendiko» programaren helburuak: gurasoek adingabeekiko guraso-trebetasunak eta hazkuntza-trebetasunak hobetzea; familia-loturak eta «harreman-ondasunak» direlakoak indartzea (entzutea, aitortza, errespetua, konfiantza, babesa, afektua, zaintza, segurtasuna, konpainia, doakotasuna, elkarrekikotasuna eta abar); adingabeentzako lotura-gune seguru eta babestuak eraikitzen hobetzea; familiaren premia afektibo eta emozionalei heltzea, eta familiek eurek komunitatean dituzten gizarte-laguntzako sareak hobetzea.

Irakasleei, hezkuntza-komunitateari eta gizarte-zerbitzuen sistemari dagokionez, berriz, honako helburu hauek ditu egitasmoak: batetik, hezkuntzaren eremuko talde profesionalek tresnak eskuratzea ikasleen premia emozionalei eta lotura-beharrizanei emandako arreta ulertzeko eta hobetzeko; bestetik, hezkuntza-komunitateak eta gizarte-zerbitzuen sistemak erantzun integratuak eman ahal izatea (arreta-ibilbide partekatuak), eta, hala, beren gaitasunak eta trebetasunak hobetzea adingabeekin eta haien familiekin egindako esku-hartzeetan; eta, azkenik, esku-hartzaileek genero-ikuspegia txertatzea familiekin egindako esku-hartzeetan, emakumeek jasan ditzaketen desabantaila- eta gutxiagotze-egoerak eta genero-estereotipoak hautemanez eta horiei helduz.

Programaren ebaluazioa

Guztira, bi ikasturteetan, «Sendiko» programak 88 familia artatu ditu. Parte-hartzaile gehienak emakumeak izan dira, 71, eta 25 gizon ere egon dira. Artatutako familien % 50, gutxi gorabehera, aita eta ama dituzten familia nuklearrak izan dira. Artatutakoen ehuneko txiki batek laguntza publikoak jasotzen ditu. Gehienek diru-sarrera txikiak eta, kasu batzuetan, ertainak dituzte.

Ikastetxeek esku hartu dute modu egituratuan eta programak ezarritako asteko aldizkakotasunarekin, eta astean 9 ordu esleitu zaizkio zentro bakoitzari.

Ikastetxeek antzemandako premien artean nabarmentzen dira familia-egoera konplexuei arreta emateko eta horien jarraipena egiteko laguntzaren beharra, eta gelan adingabeek dituzten zailtasun-egoerei erantzuteko aholkularitza eta laguntzarena ere bai. Beharrizan horiei erantzun ahal izateko, ikastetxe bakoitzari esleitutako orduak zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin koordinatzeko erabili dira, eta baloratu da, zentro bakoitzarekin, bertan hautemandako premiei lotutako prestakuntza egitea.

Ikastetxeentzat oso baliagarria da profesional bat egotea, familien balorazio psikosozialetik abiatuta laguntza emango diena laguntza-zerbitzu komunitarioetara hurbiltzen eta zerbitzu horiekin harremanetan jartzen. Izan ere, detektatu dute familia oso zaurgarriek zailtasunak izaten dituztela komunitatearen laguntza- eta babes-baliabideetara atxikitzeko.

Programa garatzen hasi zenetik, udalerri bakoitzeko baliabideak bilatu, eta horien mapa bat egin da. Horrez gain, harremanetan hasi dira, eta koordinazioan jarduten, gizarte-zerbitzuekin, haurrak eta familiak artatzeko udal-baliabideekin, familiekin esku hartzen duten komunitateko entitateekin, emakumeei laguntzeko zerbitzuekin eta udalerri bakoitzeko beste zerbitzu espezifiko batzuekin.

Komunitateak oso modu positiboan onartu eta baloratu du programa, eta bideratzeak antolatzeko kanal protokolizatuak eta egituratuak ezarri dira.