2024(e)ko urriaren 04(a) 10:34

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Unicef Euskadik haur eta nerabeen parte-hartzea bultzatzen dute erakundeetan

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Unicef Euskadik Bizkaiko Haur eta Nerabeen Partaidetzarako I. Topaketa egin dute gaur. Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egin da, eta haurren eta nerabeen partaidetzarako tokiko taldeetako kide diren 10 eta 17 urte bitarteko 40 neska-mutilek hartu dute parte.

Ager Izagirre neska-mutilekin

Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak eman dio hasiera topaketari, eta, ongietorria eman ondoren, azaldu du bertan elkartu direla elkarren artean ezagut daitezen, Aldundia ezagut dezaten, esperientziak parteka ditzaten, parte hartuz ondo pasa dezaten eta, batez ere, entzunak izan daitezen.

Jolasen, eztabaiden eta talde-lanen bitartez, biztanleriaren sektore horiek beren udalerrietan duten parte-hartzea hobetzearekin lotutako hainbat alderditan sakondu dute gazteek, azterketarako eta lanerako jardunaldi batean, zeinetatik ondorio garrantzitsuak atera baitira haurren eta nerabeen parte-hartzearen eremuan aurrerapausoak emateko. Izan ere, topaketa hori Bizkaian haurren eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko antolatu diren ekimenen parte da. Ekimen horiek Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu ditu, Unicef Euskal Autonomia Erkidegoko Batzordearekin batera.

Lankidetza horren barruan, ikastaro erdipresentzial bat ere egiten ari da, erakunde publiko eta pribatuetako teknikarientzako; xedea da sektore horiek tokiko erakundeetan parte hartzeko moduak bilatzea, eta, osatzeko, gai horretan monitoreak trebatzeko ikastaro espezifiko berri bat egingo da.  Gainera, hilabete hauetan zehar, Bizkaiko nerabez osatutako talde bat gaurkotasuneko gaiei buruz dituzten ikuspuntuak azaltzeko aukera izaten ari da Radio Euskadiko «Más que Palabras» irrati-programaren bitartez. Era berean, aurrez ikusita dago parte hartzeko eskubidea sustatzeko kanpaina bat egitea zenbait komunikabidetan, herritar guztiak parte-hartze horren garrantziaz kontzientziatzeko.