2018(e)ko azaroakren 19(a) 12:30

’Ez naiz zurea, nirea baizik’, indarkeria matxistaren kontrako sentsibilizazio kanpaina

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Datorren igandean, azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna izango da.

Laespada eta Torres.

Laespada: "erailketak gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunaren zeinurik larriena dira"

Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren kontrako sentsibilizazio kanpaina bat bultzatu du, ‘Ez naiz zurea, nirea baizik’ lelopean emakumeen ahalduntzea eta erabakitzeko askatasuna sustatzen duena.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak gaur goizean aurkeztu du kanpaina, hots, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna (datorren igandea, azaroaren 25a) baino sei egun lehenago.

Gure lurraldeko hainbat erakunde eta kolektibok parte hartzen duten ekimena da eta Portugaleten aurkeztu da Mikel Torres alkatea bertan zegoela, izan ere, udalerri hori aipaturiko kanpaina osatzen duten lelo eta sormen grafikoarekin mural publiko bat egiteko laguntza eskaini duen herrietako bat izan da.

Laespada diputatuak baieztatu duenaren arabera, gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunean oinarritutako gizarte batean bizi gara eta emakumeen aurkako erasoak eta emakumeen erailketak desparekotasunaren adierazlerik larriena dira, Giza Eskubideen urratzea.

Emakume askok eta askok eta beren seme-alabek bizi duten errealitate lazgarria egunero errepikatzen da, gaineratu du.

KANPAINAKO DATUAK

Amaia Arrazola artistak sortu duen sentsibilizazio kanpaina honen irudia eta mezua kartel, poltsa, orri-markatzaile eta pegatinen bidez zabaldu da Bizkaiko udalerri gehienetara. 4.500 saltoki inguru CECOBI eta BilbaoDendak erakundeen lankidetzari esker.

Bai eta kirol-eskolaren esparrura ere Euskara eta Kultura Sailaren lankidetzarekin, 684 klub eta kirol-elkartetara egindako bidalketekin. Asteburu honetan, bakoitzari dagokion ligako partiduetan, talde eta kirolari horietako askok argazkiak aterako dituzte kartelarekin. Gero bidali egingo dira eta Aldundiaren webgunean argitaratuko dira.

Kirolaren esparruan ere hainbat talde profesionalek lagunduko dute irudia bere partiduetakoren batean txertatuz: Athletic (gizonezkoena eta emakumezkoena), Bilbao Basket, saskibaloiko Lointek Gernika, Zuazo Eskubaloi Taldea edo Lutxana Arraun. Azken talde horrek larunbatean Bilbo eta Erandio artean egingo den emakumeentzako estropada antolatu du. Lasterketa horrekin batera, hainbat jolas- eta sentsibilizazio-jarduera antolatuko dira parekotasunaren aldeko festa bat izan dadin.

Bestalde, berdintasunaren, feminismoaren edo emakumearen arloan lanean diharduten 400 kolektibo eta erakunderi helarazi zaie era berean kanpainako materiala. Material hori, bestalde, Aldundiaren beraren eta gure lurraldeko udal guztien hainbat bulegotan banatu da.

Horretaz gain, Portugalete, Ermua, Leioa, Barakaldo eta Arrigorriagan, udalerri horietako udalen lankidetzari esker, kale-ekintza bat egin da aipaturiko herrietako hainbat espazio publikoetako lurrean biniloak jarriz. Eta aipatu diren tamaina handiko muralak, bata Leioan eta bestea Portugaleten.

Kanpaina, bestalde, Bizkaibusen hainbat autobusetan, Metroko bost geltokitako bideo-espazioetan (Moyuako geltokira sartzeko eskailerez eta txartelak erosteko makinez gain) eta hainbat komunikabidetan (prentsa idatzia, irratia, telebista nahiz sare sozialak) jarri diren iragarkien bidez iritsi zaie herritarrei.

Kopuru orokorrak: 17.000 kartel, 127.000 pegatina, 75.000 orri-markatzaile, 15.000 barik zorro, lurreko 80 binilo, 1.000 koaderno, oihalezko 1.000, 8.000 pin, hainbat olana eta 2 mural kalean.

INDARKERIAREN DATUAK

Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokian edo Bizkaiko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Mapan (Laespadak zuzentzen dituen sailak sorturiko tresnak biak) jasotako datuen arabera, 2004tik, gure lurraldean 30 emakume erail direla egiaztatu da. Eta beste 17k erailketa saiakera batetik bizirautea lortu dute.

Aldi horretan bertan eta Bizkaian, emakumeen aurkako 35.000 eraso erregistratu ziren. Urteko batezbestekoa 2.600 erasokoa izan da eta egonkor mantentzen da urtetik urtera, aldaketa txikiekin. Iaz, esaterako, 2.768 eraso izan ziren.

Laespadak Bizkaian erailak izan ziren azken bi emakumeak oroituz eta omenduz amaitu du hitzaldia: Maguette Mbeugou (aurtengo irailean Bilbon) eta Noelia Noemí (Sestaon, iazko irailean).


Bideoak