2020(e)ko martxoaren 05(a) 15:59

Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek aurrera egiten dute Gizarte Zerbitzuen arloko koordinazio- eta lankidetza-mekanismoetan

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldea ostegun honetan bildu da Bizkaiko gizarte zerbitzuen alorrean datozen hilabeteetarako lan ildo bateratuak adosteko.

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldea gaurko bilera

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldeak bere jarduerari ekin dio berriro ostegun honetan, Lurraldeko Gizarte Zerbitzuetako koordinazio- eta lankidetza-mekanismoetan era bateratuan aurrera egiten jarraitzearen ondoreetarako. 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak finkatzen duen eskubide subjektiboa lurraldean era eragingarrian hedatzeko tresna da; Lantaldean  elkarrekin egiten dute lan Foru Aldundiak eta Lurralde Historikoko udalek.

Erakunde arteko lankidetza-organo honen bileran Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailetako ordezkariek parte hartu dute. EUDELen aldetik udal ordezkaritza eratu dute Juan Ibarretxek, Bilboko zinegotziak; Amaia Agirrek, Getxoko alkateak; Imanol Zuloagak, Gueñesko alkateak; Elixabete Uribarrik, Plentziako alkateak; Aitor Lopezek, Zaldibarko zinegotziak; Mª Jose Blancok, Portugaleteko zinegotziak, eta Loren Olivak, Etxebarriko alkateak.

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldeak erakundeen arteko adostasunetik eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren oinarri diren administrazio-maila bakoitzarekiko errespetutik lan egiten du. Horiek horrela, aurretik egindako lana eta lortutako akordioak oinarri hartuta, gaurko bileran datozen hilabeteetarako lan ildoak zirriborratu dituzte.

Hala aldeek konpromisoa hartu dute lankidetza-mekanismoetan lan egiteko adinekoentzako ostatuen etengabeko arreta hobetzeko, Foru Aldundiaren eta EUDELen arteko esparru-akordio bat lortzea espero baitute. Ildo beretik, izaera orokorragoarekin, akordio bat lortu da foru eta toki administrazioen arteko informazio-trukeari bultzada emateko, gizarte zerbitzuen arloko elkarreragingarritasunari dagokionez. Azkenik, Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako eta haien seme-alabentzako harrera-baliabideen sarea proiektu pilotuan lan egitea adostu da.


Argazkiak