2020(e)ko maiatzaren 21(a) 10:00

Aldundiak onartu du 1.600.000 euro bideratzea nekazaritza, ingurumen eta klimaren eta nekazaritza ekologikoaren arloetara

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Dirulaguntza horien % 75 Europar Batasunak kofinantzatua da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bitartez, eta hauek izango dira onuradunak: beren ustiapenetan nekazaritzako, ingurumeneko eta klimaren arloko konpromisoak beren borondatez sinatzen dituzten eta nekazaritza ekologikoko jardunbideak eta metodoak hartzeko edo mantentzeko konpromisoa hartzen duten nekazariak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak nekazaritza, ingurumen eta klimaren eta nekazaritza ekologikoaren arloetako neurriak onartu ditu. Laguntza horien % 75 Europar Batasunak kofinantzatua da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bitartez, eta neurrion aurrekontu osoa 1.600.000 euro da. Dirulaguntza horien bitartez, laguntza eman nahi zaie beren ustiapenetan nekazaritzako, ingurumeneko eta klimaren arloan ezarritako konpromisoak baino konpromiso zorrotzagoak beren borondatez sinatzen dituzten eta nekazaritza ekologikoko jardunbideak eta metodoak hartzeko edo mantentzeko konpromisoa hartzen duten nekazariei.

Laguntza horien helburuak dira, halaber, landa- eta nekazaritza-paisaiaren kontserbazioa, hobekuntza eta dibertsifikazioa bultzatzea; biodibertsitateari onura dakarkioten eta ingurumena nahiz animalien ongizatea errespetatzen duten ekoizpen-sistemak eta jarduteko erak sustatzea. Helburu horietan, hauek ere sartzen dira: nekazaritzatik datozen berotegi-gasen eta amoniakoaren isurpena murriztea; uraren eta lurzoruaren kudeaketa hobetzea; nekazaritzan eta basogintzan, karbonoaren atzematea sustatzea, eta nekazaritzan, abeltzaintzan eta basogintzan sortzen diren azpiproduktuak kudeatzea eta balioztatzea.

Beraz, nekazaritza, ingurumen eta klimaren arloetako laguntzei esker, jarduketa hauek finantzatuko dira: higadura genetikoaren arriskupean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko sagardotarako sagarren tokiko barietateen kontserbazioa, tokiko abere-arrazen kontserbazioa, erlezaintza, mendiko larreen aprobetxamenduaren kudeaketa, nekazaritza ekologikora aldatzea eta nekazaritza ekologikoa mantentzea. Nekazaritza ekologikoaren arloko laguntzen bidez, diruz lagunduko da nekazaritzako ustiategietan nekazaritza ekologikoa ekoizten hastea, eta mota horretako praktikak eta metodoak mantentzea.