2021(e)ko urtarrilaren 21(a) 12:38

Aldundiak Bizkaiko Suhiltzaileen ibilgailuen flotaren %25 berritu du, eta belaunaldi berriko 15 ibilgailu emango dizkio zerbitzuar

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Guztira, 6 hiri-autoponpa astun, 3 autoponpa ama astun (zisternak), 3 trepetxu-furgoi eta 3 autoeskailera automatiko izango dira. Lurraldeko suhiltzaile-etxe guztietan banatuko dira, eta eraginkortasuna eta abiadura hobetuko dituzte esku-hartzeetan. Foru-erakundeak 7,1 milioi euro inbertitu ditu ibilgailu horiek eta duela hilabete batzuk martxan dauden beste bost aginterako lur orotako ibilgailuak eskuratzeko.

Ernesto Garcia, Unai Rementeria eta Ibone Bengoetxea

Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak azken belaunaldiko 15 ibilgailu berri ditu, ekipamendu guztiekin, eta lurraldeko suhiltzaile-etxe guztietara eramango dira. Hain zuzen ere, hauexek dira Bizkaira iritsi berri diren ibilgailuak: sei hiri-autoponpa astun, hiru autoponpa ama astun (zisternak), hiru trepetxu-furgoi eta hiru autoeskailera automatiko. Ibilgailu horiek gehi duela hilabete batzuk suhiltzaileen ibilgailuen flotara gehitutako aginterako lur orotako bost ibilgailuak dira foru-erakundeak egindako 7.126.900 euroko inbertsioaren emaitzan.

Erosketa garrantzitsu horiekin, hau da, flotaren % 25 berrituta, Bizkaiko Foru Aldundiak Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua sendotu du eta azken belaunaldiko tresnak eman dizkio egiten dituzten esku-hartzeetan eraginkortasuna eta arintasuna hobetzeko. Hauxe nabarmendu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak: Gaurkoa egun gogoangarria izango da Aldundi honetako Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuarentzat. Europan erreferentziazko zerbitzua izatera iristeko beste aurrerapauso bat egin dugu. Orain arte ez da inoiz berritze hain garrantzitsurik egin. Berritze horri esker, gure flota gehiena oso modernoa izango da. Zehazki, horixe behar du Bizkaiko pertsonentzako eta Bizkaiarentzako funtsezko zerbitzu batek, azpimarratu du Rementeriak.

Unitate berriak lurraldeko suhiltzaile-etxeetan banatuko dira, era honetan:

  • Lehenengo irteerako hiri-autoponpa astunen sei unitateak suhiltzaile-etxe hauetara eramango dira: Urioste, Basauri, Artaza, Iurreta, Gernika eta Zalla.
  • Hiru autoponpa ama astunak (zisternak) Gernika, Zalla eta Deriora eramango dituzte.
  • Hiru trepetxu-furgoiak Urioste, Gernika eta Zallan egongo dira.
  • Hiru autoeskailerak Urioste, Basauri eta Artazako suhiltzaile-etxeetan erabiliko dituzte.

Datozen asteetan, Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko langileek prestakuntza jasoko dute, eta autoponpa, zisterna, autoeskailera eta trepetxu-furgoi berriak maneiatzen ikasteko maniobrak egingo dituzte. Otsailaren 8tik aurrera, pixkanaka-pixkanaka hasiko dira kalean zerbitzua ematen .

Ordezkatuko diren ibilgailuek askotariko erabilerak izango dituzte hemendik aurrera, bigarren irteerako edo erreserbako ibilgailu gisa, esaterako. Era berean, horietako batzuk foru-erakundearekin hitzarmen bat sinatu duten Babes Zibileko taldeei laga ahal izango dizkiete. Dena den, behin betiko baja emango zaie horietako askori.

Ibilgailu berrien ezaugarriak

Sei hiri-ponpa astunak Galiziako Veicar markakoak dira, eta 4x4 trakzioa eta 4.200 litroko ur-edukiera eta 200 litroko apar-edukiera dituzte. Ibilgailuetan funtsezko bi hobekuntza egin dituzte lan-arriskuak prebenitzeari dagokionez, hala nola sabaiko kutxa egokituak, lurretik eta kamioira igo beharrik gabe irisgarriak izan daitezen, bertatik esku-hartzea garatu ahal izateko beharrezkoak diren tresnak hartu ahal izateko. Hiri-autoponpa horietan ere, LED argiak dituen haga bat jarri da argiteria osagarria beharrezkoa den jarduketetarako. Material horiei esker, lan-prozedurak eguneratu ahal izango dira hiriko suteetan. Bestalde, sabaian minutuko 4.000 litroko emaria eskaintzen duen monitore bat izango dute, zeina joystick batekin ponpa-armairutik kontrolatuko den.

Autoponpa amak ere Veicar markakoak dira, eta hiri-autoponpen antzeko ezaugarriak dituzte (minutuko 4.000 litroko monitorea sabaian, ponpa-armairuan joystick batekin maneiatzekoa eta lurretik irisgarriak diren sabaiko kutxak). Alabaina, edukiera handiagoa dute, bai uraren kasuan (9.000 litro), bai aparraren kasuan (300 litro).

Hiru autoeskailera berriak Alemanian fabrikatu ditu Magirus enpresak, eta duela urtebete ekarri zen azken autoeskaileraren modelo berekoak dira. Zabalik 32 metroko altuera hartzen dute, eta, gehienez ere, 60 segundo behar dituzte zabaltzeko. Mota horretako ibilgailuetan eskuragarri dauden azken prestazio eta berritasun guztiak dituzte, honako hauek, besteak beste: 5 pertsonentzako otzara-plataforma bat; kabinatik joystick batekin maneiatzen den eta otzaran instalatutako aginte-postu nagusitik ikusteko kamera duen ur-monitore automatiko bat, ez erortzeko lerro pertsonalak ziurtatzeko segurtasun-ainguraketarako puntuak, ziurtatzeko eta eusteko sistemak otzaran eta ohatilak eramatekoa, 270 kilogramoko kargarekin.

Horrez gain, gurutzean jarrita dauden 4 egonkortzaile ditu ibilgailuaren beheko partean; lan egingo den lekuan dagoen zabaleraren arabera egokitzen dira eta eskailera orekatzeko aukera ematen dute, nahiz eta lurrean mailen arteko desberdintasunak egon. Gainera, eskaileraren azken zatia artikulatu eta luzatzeko aukera ematen dute, eta, horri esker, suhiltzaileek teilatuen atzeko aldetik egin ahal izango diete aurre suteei, bai eta leku sakonetan salbamenduak egin ere.

Autoeskailera berriak esku-hartzearen eraginkortasuna eta arintasuna hobetzen dute eta hobetutako segurtasun-sistema bat dute. Hori horrela, lekualdaketaren denbora murriztu ahal izango dute esku-hartzeetan eta bizkorrago zirkulatu; ibilgailua arinago kokatu, nibelatu eta erabiliko dute; lanaren luzapena, eta, era berean, segurtasun handiagoa, bai suhiltzaileentzat, bai autoeskailerekin laguntzea behar duten pertsonentzat.

Hiru trepetxu-furgoiak Vigon fabrikatu ditu Incipresa enpresak, eta hobekuntza nagusia izango da bateria askatzeko azken belaunaldiko ekipamenduak dituztela, zeinak aurrekoak baino autonomoagoak eta seguruagoak diren. Argiteria-ekipamendu guztiak LED motatakoak dira, eta, autoponpen kasuan bezala, sabaiko kutxa egokiak dituzte lurretik irisgarriak izan daitezen, furgoira igo beharrik gabe.

Giza baliabideak eta baliabide materialak

Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua hauek osatzen dute: eskualde guztietan banatuta dauden suhiltzaile profesionalen zortzi etxe eta Babes Zibileko bost Boluntario Talde (udalerriak: Lanestosa, Urduña, Karrantza, Bermeo eta Otxandioko udalerrietako ), Ispasterreko prestakuntza-gune batekin.

Giza baliabideei dagokienez, 429 pertsonako plantilla dauka. Baliabide materialei dagokienez, gaur egun, 94 ibilgailu eta 4 atoi dauzka.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko larrialdiak kudeatzeko Bizkaia Prest zentro integrala jarri zuen martxan duela bi urte. Zentroak komunikazio-arloko azken aurrerapen teknologikoak dauzka, eta, hari esker, foru-mailan gertatzen diren larrialdien abisuak puntu bakar batetik sartzen dira. Puntu horretan koordinatzen da erantzuna, eta puntu horretatik mobilizatzen dira Aldundiaren baliabide guztiak (giza baliabideak eta baliabide materialak), erantzun efikaz eta eraginkorra eman ahal izateko eguneko 24 orduetan. Martxan jarri zenetik, 12.000 gorabehera baino gehiagori eman zaio erantzuna Bizkaia Prest zentroan.


Argazkiak


Bideoak


Audioak