DEIALDIAK
JARDUNALDIAK
BESEK-ek Bizkaiko emakumeen talentu kulturalen topaketak
ITXIA
Aurkezpen-epea
Epea amaituta 2026/09/22
EDUKIA
BESEK Bizkaiko kultura-eta sormen-ekosistema osatzen duten emakumeak ikusarazteko, konektatzeko eta indartzeko jaio da.
Gogoetak, tresna praktikoak, zuzeneko sorkuntza eta laborategi partizipatibo bi uztartuko ditu topaketak, profesionalen beharrak eta proposamenak bertatik bertara jasotzeko, etorkizuneko BESEK Liburu Zuria taxutzeko asmoarekin
BESEK- Bizkaiko Emakumeen Sarea Esparru Kulturalean topaketa sortu da Bizkaiko kultura- eta sormen-ekosistemako emakumeak harremanetan jartzeko, tresnak elkartrukatzeko eta sektorearen erretratu kolektiboa egiteko. Musika, dantza, podcastak, latxa artilea, asoziazionismoa, doako mentoretzak, material biooinarrituak edo zainketak eta osasun mentala izango dira, besteak beste, irailaren 21ean eta 22an Euskalduna Jauregian egingo den topaketaren lehen edizioan.
Bizkaiko kulturaren eta sormenaren sektoreko emakumeei zuzendutako hitzordu berria Media Attack Group-ek bultzatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ekimena gaur goizean aurkeztu da prentsaurrekoan Rekalde Aretoan, eta horretan, hauek parte hartu dute: Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru-diputatu Leixuri Arrizabalaga eta proiektuaren sustatzaile diren Nerea Albinarrate eta Paula Bañuelos.
"BESEK sortu da Bizkaiko ekosistema kulturala osatzen duten emakumeak elkartzeko, elkarri entzuteko eta lankidetzan aritzeko elkargunea izan dadin. Gure asmoa da jardunaldiek esperientziak partekatzeko, benetako beharrak identifikatzeko eta ikuspegi kolektibo batetik aukera berriak sortzeko balio izatea. Era berean, tresna estrategikoa izango da etorkizuneko lan-ildoak bideratzeko eta kultura-sektore askotarikoa eta konektatuagoa eta profesionalen benetako egoeratik hurbil dagoena indartzen jarraitzeko", azaldu du Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru-diputatu Leixuri Arrizabalagak.
Ezagutza partekatzea eta lotura berriak sustatzea
Helburua da "bi egunez, jakintzagai, adin, jardunbide eta errealitate ezberdinetako emakumeak biltzea", kultur sektoreari buruz aritzeko ez ezik, ezagutza elkartrukatzeko, proiektuak ikusarazteko, tresna berriak eskuratzeko eta, batez ere, "topaketa amaitu ondoren jarraipena izango duten loturak eragiteko ere", laburbildu dute BESEKeko arduradun Nerea Albinarratek eta Paula Bañuelosek. "BESEK ez da sortu emakumeak sormen- eta kultura-sektorean bizi duen egoerari buruzko kritikatik, ekintza kolektibotik baizik", zehaztu dute.
Horiek horrela, topaketaren xedea da "gutako askok ditugun" benetako behar eta erronka berberei erantzutea. Horretarako, erreferentziazko profesionalek osaturiko talde eragile baten ekarpenekin antolatu da, zeinek lan egin duten "sektorearen aniztasuna benetan erakusteko" eta askotariko ikuspegiak txertatzeko, hala nola landatasuna, belaunaldiartekotasuna, irisgarritasuna edo migrazioa.
Askotariko formatuak dituen programa
Formatu bakar batera mugatzen ez den programazioa da emaitza. Hala, solasaldiak, tailer praktikoak, erakustaldiak eta emanaldiak, banakako mentoretzak, erakustokiak edo podcasten grabazioak, hala nola FEMME proiektua –Berta Vittersweetek eta Afrika Bibangek zuzendu eta aurkezten dutena, emakumeen talentuari ikusgarritasuna ematen espezializatua– egingo dira, eta aldi berean, lan egiteko eta elkartzeko gune bat (Topagunea) eta proiektuak erakusteko gune bat (Azoka) egongo dira, eta elkarrekin sortu eta parte hartzeko hainbat proposamen mahaigaineratuko dira.
Sarrera doan izango da. "BESEK espazioan emakume orok –alde batera utzita kulturan hogei urte lanean daramatzan edo bere lehen proiektua aurrera ateratzen saiatzen ari den– baliagarria izango zaion zerbait aurkitzeko aukera izango du: erreferentziaren bat edo kolaboratzaile posible bat, edo antzeko egoera batean dagoen beste profesional batekin hitzaldi informal bat", Albinarrateren hitzetan.
Solasaldietan hauek parte hartuko dute: Laurita Siles, Lidia Kinson, Maitane San Nicolás, Cristina Guezuraga edo Isabel Tomás. Horietan, hainbat gai jorratuko dira, esate baterako, zentro nagusietatik urrun sortzeak dakarrena, zaintzak proiektu jasangarriagoak eraikitzeko egitura posible gisa edo sareen eta ekintza kolektiboaren zeregina.
Halaber, Ángela Alonsorekin, Karmele Jaiorekin eta Soraya Vegasekin sortze-prozesuez erakutsi ohi ez denaz ere aritzeko aukera egongo da: blokeoez, inspirazio-galeraz, beldurrez eta beste krisi batzuez.
Tailer praktikoei dagokienez –lekuak mugatuak dira, eta aldez aurretik eman beharko da izena–, Nagore de los Ríosek proiektu baten kontakizuna eraikitzen eta haren balio bereizgarria zehazten lagunduko du; Jemima Canok (Doos Colectivo) finantzaketaz eta jasangarritasun ekonomikoaz arituko da; Leire Legarretak (We Are Clickers) AA bidez zeregin burokratikoak nola automatizatu erakutsiko du; eta Valentina Pinuerek estres iraunkorraren eragina aztertuko du.
Liburu Zuriaren laborategia: sektorearen kartografia kolektiboa
Jardunaldien ardatz nagusietako bat emakumeei beraiei entzutea izango da. Horretarako, bi saio antolatu dira, Liburu Zuriaren Laborategia: Kartografia Kolektiboa izenekoak. Asmoa da BESEKek, abuztuan, Bizkaian sektorean badauden oztopoak, beldurrak eta beharrak zein baliabideak, talentua eta gaitasunak identifikatzeko abiarazi zuen online inprimaki hari aurrez aurreko jarraipena ematea. "Guk ezin dugu zehaztu zein diren sortzaileen beharrak", aitortu du Bañuelosek, "horregatik, galdetu eta entzun nahi dugu. Zenbat eta ikuspegi gehiago ezagutu, orduan eta adierazgarriagoa eta erabilgarriagoa izango da BESEK".
Bildutako informazio guztiarekin, BESEK Liburu Zuria sortzeko lehen urratsak eman nahi dira, hots, Bizkaiko ekosistema kultural eta sortzailean lan egiten duten emakumeen errealitatearen erretratu kolektiboa. "Sektore osoak esan behar du zer gertatzen ari den eta norantz egin nahi duen aurrera. BESEKek espazioa eta tresnak jartzea baino ez du nahi, emakumeok elkarrekin etorkizuneko lan-ildoak bidera ditzagun".
Sorkuntza ere zuzenean gertatuko da
BESEKen, sorkuntza artistikoa ez da solasgai bakarrik izango, zuzenean ere gertatuko baita. Programak, besteak beste, hauek barne bartuko ditu: Laura Sam poeta, performer eta musikariaren emanaldia; izan ere, bertantxe botako ditu olerki pertsonalizatuak; "Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río" dantza garaikideko pieza eta zuzeneko musika, Olaia Valleren eta Amaia Santamaríaren eskutik; eta Olivia Orell kantautorearen kontzertua.
Halaber, latxa artilea eraldatzeko prozesuaren erakustaldia izango da, Enara Bravoren eskutik (Gertrude Kultur Elkartea), baita osagai organiko eta biodegradagarrietan oinarrituta material biooinarrituak sortzeko saio bat, Estela Miguelen eskutik.
Kontziliazioa, sarrera doan eta izen-emateak
BESEKek doako kontziliazio-gune bat atonduko du Euskalduna Jauregian, El Camino Creativo-k eta Virginia Castanedok dinamizatuta, 0 urtetik gorako haurrentzat –aldez aurretik eman beharko da izena–, umeak zaintzeko ardura jardunaldietan parte hartzeko oztopo izan ez dadin.
BESEK irekita egongo da, halaber, "orokortzat jotako jardueretara entzule gisa bertaratzeko asmoa duten gizonentzat", zehaztu dute antolatzaileek. Programari buruzko informazio osoa eta izen-emateak badaude eskuragarri BESEKen webgunean: besek.eus.