DEIALDIAK

JARDUERAK JARDUNALDIAK

60. Durangoko Azoka

ITXIA

Aurkezpen-epea

Epea amaituta 2025/12/08

EDUKIA

60 urte beteko ditu Durangoko Azokak aurten. “Azkar esaten da, baina lan izugarria gordetzen da sei hamarkada hauen atzean”, azpimarratu du Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak Azokak orain arte egindako ibilbidea nabarmendu nahian. “Atzera begirako nostalgian erori ordez, harro aldarrikatu nahi dugu gaur Durangoko Azokak izandako bilakaera eta pozik heltzen diogu aurrean dugun erronkari. Horregatik, prestaketen azken txanpan murgilduta gauden honetan, Durangoko Azokaren ateak zabaltzeko inoiz baino gogotsuago gaude”, esplikatu du Gaztelurrutiak. “

Abenduaren 5etik 8ra garatuko da Durangoko Azoka. Landako Gunean 285 erakusmahai ipiniko dituzte 175 partaideren artean, eta 1026 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek hartzeko eta emateko; horietatik 694 liburuak, 163 musika ekoizpenak, 30 aldizkariak eta 139 bestelako ekoizpenak (fanzineak, audioliburuak, podcastak…) izango dira. Lan berriak aurkezteko 273 ekitaldi programatu dira. Inoizko zenbaki handienak dira.  “Sortzen doazen adierazpen eta korronte berrietara moldatzen ari da euskal kultura, eta horren atzetik, euskarazko sorkuntza bultzatu eta hauspotzeko asmoz lanean dihardu Durangoko Azokak, esku artean dugun Kulturaren Jaialdi hau ahalik eta anitzena eta koloretsuena izan dadin”, gaineratu du.

Berrikuntza nagusiak

60. urteurrenarekin batera, Durangoko Azokak zenbait berrikuntza plazaratu nahi izan ditu. Berrikuntza horiek ordea, ez diote urteurren baten ospakizunari erantzuten, Azokak sei hamarkadetan zehar egindako ibilbidearen noranzkoari baizik: ingurura moldatzen joan da etengabe azoka; euskal kulturaren berritasunei egokitzen eta arte-adierazpen berriak batzen. Horregatik, aurten bi gune berri izango ditu Durangoko Azokak: Berbagailua (Podcasten Plaza) eta Atartea (Arte Ederren Plaza).

Horrekin batera, aurten nobedade bezala, azoka itxi eta gero egitarauak jarraipena izango du. Hasteko, gauetako kontzertuak izango ditugu: 5ean Lukiek eta Ezezez, eta 6an Mirua eta Naxker. Gainera, 6an Behe Bandakoen errezitaldia eta bostOK konpainiaren emanaldi bat ere egongo da iluntzean; 7an Formol laborategiaren ikuskizuna izango dugu, baita Bittor Kapanaga kulturgilea omentzeko ekitaldia, eta Gaua filmaren emanaldia Paul Urkijo bertan dela.

Egitarauaren xehetasunak

Egitarau osoa, web honetako atal berezian kontsultatu ahalko dute zaleek. Hauek dira zenbait xehetasun:

Talaia: Talaia Landako Guneko areto nagusian kokatuko da, eta abenduaren 7an zein 8an museoan ere egingo dira hainbat mahainguru edo hitzaldi. Ekitaldi nagusien artean, Joxe Azurmendi omentzeko ekitaldia izango dugu abenduaren 8an, Jakinek antolaturik. Euskal kulturaren erreferentzi historikoekin jarraituz, Miranderen inguruko mahainguru bat egongo da, eta Euskaltzaindiak Gabriel Arestiri eskainitako lan bat aurkeztuko du, poeta hil zenetik 50 urte bete diren honetan. Hari beretik tiraka, 50 urte dira ere Amerikanuak liburua argitaratu zenetik, eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik ekitaldi sorta bat izango dugu azokan, museoan

Berbagailua: Gure belarrietara heltzen diren eta Euskal Herrian euskaraz ekoizten diren zenbait podcast gonbidatu ditugu Berbagailua Podcasten Plazara. Azokan erakutsiko diren nobedadeak abiapuntu bezala hartuko dituzte solasaldietarako: literatura, musika, bertsolaritza, generoa... Madalenako Ermitan kokatuta egongo da eta bertan 20 bat lagunek zuzenean jarraitu ahalko dituzte emankizunak. Gero, sarean ikusgai egongo dira. Gune honetan Azoka Telebistako lankideen laguntza izango dugu.

Atartea: Arte Ederren Plazan, ilustrazioari lotutako erakusketak eta ekitaldiak antolatuko dira aurten, hala nola, azokan aurkezturiko lanak ilustratu dituzten 20 egileren irudiek osatutako erakusketa. Horrekin batera, abenduaren 6an irudigileak izango dira hemen euren lanak jendaurrean aurkezten eta iazko sormen beka irabazi zuen Irati Bazetaren Harien isla erakusketa ere ikusgai egongo da bertan.

Ahotsenea: Aurtengo liburu berriak aurkezteko gunean, berriz ere, Musika Eskolan, belaunaldi askotako idazleen lanen berri entzuteko aukera izango da. 49 liburu aurkeztuko dira eta 34 disko. “Bai liburuen bai diskoen aurkezpenetako guneetan, gaur egun Euskal Herrian zeri kantatzen diogun eta zeri idazten diogun ezagutzeko aukera izango dugu. Gure idazle eta musikariak zerk inarrosten dituen, zerk pozten, zerk minberatzen, zerk sentiberatzen dituen ezagutuko dugu, bertatik bertara, euren ahotsetan”, azaldu du Gotzon Barandiaranek. 

Irudienea: Programazio anitz eta zabala eskainiko du, aurten ekoitzitako lanen bilduma oparo eta aberatsa eskainiz kulturazaleei. Ez hori bakarrik, proiekzioez gain, zuzendari eta aktoreekin solasaldiak ere antolatu dira eta bisitariek sortzaileekin zuzeneko hartu-emana edukitzeko aukera izango dute. Guztira, 35 emanaldi baino gehiagok osatuko dute egitaraua. Besteak beste, eta lanetako batzuk aipatzearren, Jone, batzuetan eta Gaua luzemetraiak, Txilarreko sukaldaria, Akelarre taldearen inguruko edo Lurdes Iriondori buruzko dokumentalak, Piztiak telesailaren estreinaldia,  edota Loa eta Laia familia-arteko telesailaren laugarren denboraldia eskainiko dira.

Kabia: Programazio anitza aurkeztu du, eragile eta sortzaile ezberdinek dakartzaten egitasmoak taldekatuz: familientzako, hezkuntza komunitatearentzako, bideojoko eta rol-joko zaleentzako, sortzaileentzako, eta orokorrean ezagutza eta teknologiaren inguruan jakin-mina duen ororentzako egitasmoak izango dira.

Saguganbara: Saguganbarak haurrei, gaztetxoei eta hauen familia eta lagunei  euskarazko literatura eta kulturara gerturatzeko espazio bat eskaintzen die. Aurten ere, Saguganbarak bere izateari eutsiko dio: irakurtzeko, ipuinak entzuteko, sormena lantzeko, ikasteko, lagunekin eta familiarekin gozatzeko, dantzatzeko, abesteko eta sortzaileekin harreman zuzena izateko aukera izango dute. Guztira, 24 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu: ipuin kontaketa ugari, liburu aurkezpenak, musika, tailerrak, mahai-jokoak, pailazoak eta ikuskizun ezberdinak.

Szenatokia: Arte eszenikoen gunean, bederatzi konpainia arituko dira: egunero hiru taldek parte hartuko dute, bina emanaldirekin. Diziplina aldetik: bi dantza emanaldi (Nabiga dantza eta Ibawa dantza), bi bakarrizketa umoretsu (BostOK! eta Julen Axpe) eta bost antzezlan: Mapatxa Kolektiboa, Karin Karan, Karrika antzerki taldea, Gilkitxaro eta Bibitxa kolektiboa. Partaideen aldetik hasiberri, afizionatu eta profesionalen arteko oreka da aipagarria.

ARGIBIDE GEHIAGO

DEIALDI-EGILEA

Gerediaga Elkartea

94 681 80 66

Larrasoloeta, 3 (Durango)

gerediaga@durangokoazoka.eus

Durangoko Azoka