25N Desinstalatu matxismoa
Osasuna eta ongizatea
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna 25N
Bizkaiak oraindik pairatzen du gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeria. Eta oraindik pairatzen du, orobat, desberdinkeria horren ondorio lazgarrienetako bat: indarkeria matxista.
Horregatik, aurten ere, azaroaren 25a bertan dugula, hots, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, jarraitu behar da sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak egiten, hala nola hemen aurkezten dugun hau.
Kanpainak, gure lurralde historikoko herritar guztiei zuzenduta badago ere, helburu nagusi ditu gizonak; bereziki, gizon gazteenak. Mezuak konplizitatea bilatzen du, lanean jarrai dezagun kultura eta gizarte berdinzaleago batzuen alde, bazterrean utzirik matxismoa eta haren jarrera eta ondorio toxiko guztiak.
Teknologiarekin azal dezagun: matxismoaren aplikazioa desinstalatzen badugu gure gailuetatik, emaitza positiboa izango dugu, denok irtengo gara irabazle. Mezu horren bidez, ikusarazi nahi da inork ez duela galtzen berdintasun gehiago duen gizarte batean. Matxismoak emakumeei egiten die kalte, dudarik gabe, baina baita gizonei ere; horregatik, kanpaina honek gizonak animatzen ditu bizi beteagoak eta gogokoagoak lortzera, matxismo hori desinstalatzeko bideari ekinda.
Kanpaina honek telefono mugikor baten irudia darabil zeren, egun, batez ere tresna hori erabiltzen baita sare sozialetan mezuak bidali eta jasotzeko, eta handik sartzen eta irteten diren iritzi, balio eta sinesmenek, batzuetan, desberdinkeria eta matxismoa indartzen baitituzte mozorro ustez pipertsu edo xalo baten pean.
Hona hemen nolako gizonak dituen xedetzat kanpaina honek: osoagoak, zinez ahaldunduagoak, benetakoagoak, ez hain matxistak, libreagoak eta positiboagoak, teknologien erabilera arduratsu eta igualitarioagoa egiten dutenak, desberdinkeriatik gero eta urrunago dauden jokabideak dituztenak.
Batu dezagun, partekatu, matxismoa geure bizitzetatik desinstalatu.
Ezin dugulako jasan ez heriotza bat gehiago, ez bizitza bat gutxiago.
Izan ere, 2004 ezkero, indarkeria matxistak Bizkaian eragiten dituen biktimak zenbatzen ditugunetik, guztira 38 emakume hil dituzte gure lurralde historikoan.
Hiltzaileak emakume horien bikotekideak, bikotekide ohiak, aitak, semeak, suhiak dira. Matxismoak emakumeen bizitzarekiko eskubidea dutela sinestarazten dien gizonak.
Datu horiek guztiak Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren webgunean, https://www.bizkaia.eus/es/ovm/el-observatorio, eta Bizkaiko Hilketen Mapan, https://www.bizkaia.eus/mapavm/es/, kontsulta daitezke.
Emakume askeen, eskubide osoak dituztenen, Bizkaia nahi dugu
