Aurten errenta aitorpena aurkeztu behar badouzu, apirilaren 15etik ekainaren 30era egin ahal izango duzu
Partaidetza
Kanpainan zehar, gutun bat jasoko duzu, eta ebizkaia.eus webgunean ere eskura dezakezu, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan.
Apirilaren 15etik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak gutun bat bidaliko die 2025eko datu ekonomikoak (etekinak eta atxikipenak) dituzten pertsona guztiei.
Gutun horretan, aitorpena aurkezteko betebeharra duzun eta zergak banaka edo batera ordaintzeko zure aukerarik onena zein den adieraziko dizute. Ogasunak beharrezko datuak baditu, zure zirriborroaren behin-behineko emaitza agertuko zaizu.
Gainera, oraindik ez baduzu identifikazio digitalerako baliabiderik, kode bat sartuko da zure Bak gakoa aktibatzeko, eta beste pertsona batek izapideak zure izenean egin ahal izateko ordezkaritza-gako bat.
Errentaren zirriborrora sartzen zarenean, lehenik eta behin, berrikusi egin behar duzu, datu guztiak zuzenak direla egiaztatu, eta egiaztatu ea zure diru-sarrera, atxikipen eta kenkari guztiak agertzen diren, hala nola alokairuaren ordainketa edo zure etxearen hipoteka, etxebizitza-kontua edo GKEei egiten diezun dohaintza, besteak beste.
Informazio guztia egiaztatu eta beharrezkoa iruditzen zaizuna gehitu, zuzendu, osatu edo ezabatu ondoren, aitorpena ekainaren 30era arte aurkez dezakezu.
Hiru kanalen bidez egin ahal izango duzu:
- Telefonoz: 94 608 3000 zenbakia duzu eskura. Astelehenetik ostiralera dei diezagukezu 8:30etik 19:00etara, eta errentaren izapide guztiak berrikusten eta egiten lagunduko dizugu, baita izan ditzakezun zalantza guztiak argitzen ere.
- Internet bidez: Aitorpena egiteko behar duzun guztia www.bizkaia.eus/errenta webgunean eta Bizkaia Errenta telefono mugikorretarako aplikazioan ere aurkituko duzu.
- Aurrez aurre: https://www.bizkaia.eus/eu/errenta-bizkaia helbidearen bidez edo Errenta24 aurretiko hitzorduaren telefonoan, 94 406 6600, bidez jakinaraziko dizugu zein kasutan jo dezakezun Ogasun eta Gertu bulegoetako batera, non berrikusi, zirriborroa osatu eta aitorpena aurkeztu ahal izango duzun.
Aurten, ez duzu aurkeztu behar aitorpena baldin eta zure lan-etekin gordinak urtean 20.000 eurotik beherakoak badira.
Ezagutu aitorpenean aplika ditzakezun kenkari eta pizgarri fiskalak. Aurten, 12 berritasun dakartzagu.
Berrikuntzak Errenta 25 kanpainan
Bizkaian onartu berri den zerga-berrikuspenaren ondoriozko neurriak:
Familia, berdintasuna, kontziliazioa, emakumea eta gazteria
Kenkari pertsonal eta familiar berriak txertatzen dira, hala nola hiru urtetik beherako adingabeak zaindu ondoren (eszedentzia/lanaldi-murrizketa) lan-merkatura itzultzeagatiko 1.500 euroko kenkaria emakumeentzat, eta 200 eurokoa gizonentzat, ondorengo adingabeak edo adoptatuak zaintzeagatik lan-, enpresa- edo lanbide-jarduera geldiarazteagatik, eteteagatik edo murrizteagatik. Era berean, emakume ekintzaileentzako kenkari gehigarriak gehitzen dira.
Halaber, 250 euroko kenkaria ezartzen da adingabeak eta mendetasun edo desgaitasun maila jakin bat duten pertsonak zaintzeagatik.
Kontuan hartzen dira gure gizarteko familia-eredu guztiak eta familia-unitatearen konfigurazio berria (guraso bakarreko familia, etxeko indarkeriagatik, genero-indarkeriagatik eta abarrengatik zaintza esleitu zaien pertsonekin dauden zergadunak).
Gazteriari dagokionez 35 urtera igotzen da pertsona batek aldeko tratamendu fiskala merezi duela jotzen den adina.
Araubide berezia ezartzen da kenkari batzuetarako. Adibidez, pertsona batek ezin izan badu aplikatu dagokion urtean ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria, kenkari hori hurrengo bost urteetan aplikatu ahal izango du errenta-aitorpenetan. Azkenik pizgarri fiskalak sartzen dira baita telelanerako ere.
Etxebizitza
Etxebizitzaren arloan errentamendua bultzatzen da, alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko zerga-pizgarriak indartuz. Horretarako errentatzailearen tratamendu fiskala hobetzen da; tratamendu honetan arau orokor gisa % 20ko hobariari eutsiko zaio, baina etxebizitza iraunkorraren errentamenduen kasuan % 30era igoko da. Gainera, tentsionatutako eremuetan badago, hobaria % 70ekoa izango da.
Ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkariari dagokionez, oro har eutsi egiten zaio zergaldian ordaindutako kopuruen % 20ko kenkariari, urtean 1.600 euroko kenkari-mugarekin. Kenkaria % 35era igoko da, eta 2.800 euroko muga izango du urtean, ohiko etxebizitzako inbertsioetan eta 36 urtetik beherakoen kasuetan ezarritako kenkarietarako aipatutako babestu beharreko kolektibo berberentzat.
Ohiko etxebizitza erosten duten pertsonen tratamendu fiskalari dagokionez, gazteek % 23ko kenkari handituta aplikatuko dute. Ohiko etxebizitzaren erosketa formalizatzen den zergaldian kenkariaren urteko gehieneko oinarriaren mugarik gabe egingo dute (8.500 euroko mugarik gabe).
Etxebizitza-kontuaren tratamendua ere hobetzen da, etxebizitza-kontuetan gordetako zenbatekoak gauzatzeko epea 10 urtera luzatu baita (orain arte 6 urte ziren). Era berean kenkariaren ehunekoa % 18tik % 23ra handitzen da.
Era berean, familia ugariaren titular direnek, guraso bakarreko familia-unitate bateko kide direnek, etxeko indarkeriagatik edo genero-indarkeriagatik adingabeen zaintza esleituta dutenek, % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna aitortuta dutenek edo mendetasun-graduren bat aitortuta dutenek, edo etxeko indarkeriaren edo genero-indarkeriaren biktimatzat hartzen direnek, % 23ko kenkaria aplikatu ahal izango dute, urtean 1.955 euroko mugarekin.
Kasu honetan ere berritasun gisa 2025-2029ko zergaldietan aitorpena egin beharrik ez duten eta egindako behin-behineko likidazioan ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkari osoa edo zati bat aplikatzeko kuota nahikorik ez duten zergadunek behin-behineko likidazio horretan aplikatu ez den zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango dute.
Azkenik, birgaitze babestuagatiko kenkaria sortzen da, errentamenduaren xede den etxebizitzan inbertitutako zenbatekoen % 18koa, gastuen % 30eko eta % 70eko hobariekin eta urtean 3.000 euroko mugarekin.
Enpleguaren gizarte-aurreikuspena bultzatzea
Lehentasunezko BGAEen ekarpenak: % 15etik % 25era bitarteko kenkaria eta, nolanahi ere, gazteen kasuan % 25ekoa (ekarpen goiztiarra). Lehen ezarpeneko erregimenean, 5 urte (2025etik 2029ra bitarteko zergaldiak), kenkaria % 10ekoa da.
Autonomoen ekarpenei dagokienez, euren kargura langileak izan edo ez, kenkaria % 10ekoa izango da, oro har, eta % 15ekoa, gaztea edo lehentasunezko sistema bada.
Trantsizio berdea
Etxebizitzen birgaitze energetikoaren kasuan, kenkari berri bat ezarri da eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta etxebizitzetan energia berriztagarriak integratzeko obrengatik; kenkari hau % 15ekoa izango da, 3.000 euroko mugarekin.
Mugikortasun jasangarriari dagokionez % 10erainoko kenkariak ezarri dira PFEZn zero isuriko ibilgailu berriak erosteagatik, eta % 15eko kenkariak berriz kargatzeko puntuak ezartzeagatik.
Progresibitatea
Progresibitateari dagokionez eta adierazi den bezala, arau orokor gisa laneko errentak 20.000 eurotik gorakoak dituzten pertsonek aurkeztu behar dute PFEZren aitorpena, edo kapital-etekin gordinak eta ondare-irabaziak batera 1.600 eurotik gorakoak dituztenek, bi kasuetan salbuetsita daudenak eta, nolanahi ere, jarduera ekonomikoen etekinak jasotzen dituztenak barne.