Etxebizitza bat alokatu edo erosteko asmoa duzu?
Etxebizitza
Etxe ideala aurkitzea erronka handia izan daiteke, batez ere gaztea zarenean eta gurasoen etxetik irten nahi duzunean. Ez da erraza etxebizitza bat alokatu edo erosi erabakitzea, baina zure erabakia erraztu dezaketen kenkariak eta laguntzak daude.
Gurasoen etxetik irten eta Bizkaian zeure etxea aurkitu nahiko zenuke, baina zalantza asko sortzen zaizkizu? Ez duzu ezagutzen zer laguntza dauden eta nola eskatu? Ez dakizu kenkaririk dagoen errenta-aitorpena egiterakoan etxebizitza erosteagatik edo alokatzeagatik?
Lehenengo urratsa alokatu edo erosi nahi duzun erabakitzea izango da. Malgutasun bila bazabiltza eta epe luzerako konpromisorik nahi ez baduzu, alokairua egokiagoa izan daiteke zuretzat. Aldiz, epe luzerako etxe batean pentsatzen ari bazara, erosketa plantea dezakezu. Hala ere, erabaki hori pertsona bakoitzaren egoera ekonomikoak eta beharrek ere baldintzatuko dute.
Erabakia hartzen laguntzeko, gazteei zuzendutako hainbat aukera dituzu:
30 urte baino gutxiago badituzu eta Bizkaian etxebizitza bat alokatzea erabakitzen baduzu, %30eko kenkari fiskala izango duzu, urtean 2.400 euroko kenkari-mugarekin. Eskuratu ahal izateko, zure ohiko bizilekua izan behar du.
Etxebizitza bat erosten baduzu, 30 urtetik beherakoa bazara, erosketa horretan zergaldian inbertitutako zenbatekoen %23ko kenkari fiskala aprobetxa dezakezu. Zenbateko horietan sartzen dira zure kargura izandako gastuak eta aipatutako aldian besteren kapitalak ohiko etxebizitza erosteko erabiltzeagatik ordaindutako interesak.
Etxebizitzara bideratutako aurrezkia sortzeko oso aukera interesgarria etxebizitza-kontu bat irekitzea da. Zure ohiko etxebizitza erosi edo zaharberritzeko behar den kapitala sortzeko aurrezki-plana da, eta inbertitutako urteko kopuruaren gaineko %18ko kenkari fiskala du. Horien betekizunen artean, gordailututako kopuruak inbertitzeko betebeharra dago, oro har, kontua ireki eta 6 urteko epean.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun bezalako programak daude, 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako alokairurako zuzeneko laguntza eskaintzen dutenak. Programa honen bidez, etxebizitza bat prezio merkeagoan alokatu ahal izango duzu, zure diru-sarreren arabera. Eskatzea oso erraza da, webgunearen bidez egin dezakezu, baina baldintza batzuk bete behar dituzu, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan etenaldirik gabe 6 hilabetez bizi izana, etxebizitza baten jabetza ez izatea edo urteko diru-sarrera batzuk ez gainditzea, laguntza indibidualki, familia-unitate gisa edo familia ugari gisa eskatzen den kontuan hartuta. Baldintza guztiak webgunean ere adierazita daude, eta test bat ere egin dezakezu betetzen dituzun jakiteko.
Era berean, Etxebide kontsulta dezakezu eta alta emateko baldintzakbetetzen dituzun egiaztatu. Bere webgunearen bidez, etxebizitza babestua esleitzeko prozeduretan izena eman ahal izango duzu, edo etxebizitza sozial bat alokatzeko aukera izango duzu, beste aukera batzuen artean.
Azkenik, kontuan har dezakezun beste aukera bat Bizkaiko udalek etxebizitza alokatzeko eskaintzen dituzten laguntza programak dira. Programa hauek gazteei beren alokairua ordaintzen laguntzeko eta emantzipatzeko eragozpenak murrizteko diseinatuta daude. Udalerri bakoitzak hainbat baldintza eta eskaera bide izan ditzake. Horregatik, garrantzitsua da zuzenean zure udalarekin kontsultatzea informazio gehiago jasotzeko.
Etxe bat erosteko edo alokatzeko erabakia hartzea erronka izan daiteke, baina laguntza eta informazio egokiarekin zure beharretara gehien egokitzen den etxebizitza aurkitu ahal izango duzu