Europan zehar mugitzeko txartelak

Enplegua Prestakuntza

Europako Osasun Txartela, Gazte Txartela eta Europass.

  • Europako osasun-txartela. Harekin, Europar Batasuneko, Erresuma Batuko edo Suitzako herrialdeetan aldi baterako edozein egonalditan arreta medikoa jasotzeko eskubidea duzu, egonaldia turismora, lanera edo ikastera zoazelako izan zein ez.

    Doakoa da, egun gutxi barru etxean daukazu, eta atzerrian zauden bitartean arreta medikoa jaso behar baduzu, zauden herrialdeko pertsonen baldintza berberetan jasoko duzu.

    Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoaren bidez eska dezakezu, Cl@ve PINekin identifikatuz, SMS bidez edo NAN elektronikoaren edo ziurtagiri digitalaren bidez eta bi urteko baliozkotasunarekin. Eskatu hemen.

  • Gazte txartela Europa mailan homologatuta dago eta EAEn erroldatutako 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Gazte-txartela European Youth Card Association (EYCA) elkarteko kidea da; beraz, Gazte-txartelaren titularrak beste autonomia-erkidego batzuetako gazte-txartelek eskaintzen dituzten abantailez balia daitezke, bai eta EYCAri atxikitako Europako herrialdeetako gazte-txartelek eskaintzen dituzten abantailez ere.

    14 urte betetzean, gutun bat iristen zaizu EYCA zenbakiarekin. Zenbaki horrekin aktibatu egin beharko duzu. 14 urte baino gehiago badituzu eta ez baduzu, idatzi e-maila gaztetxartela@euskadi.eus helbidera.

    Deskargatu, orain digitala baita. Deskarga dezakezu pdf formatuan, APP Pack Gazte-txartelean eta Nik Patrika Digitala APPan (ziurtagiri digitala behar duzu). Eta hemen aurkituko dituzu berarekin lortzen dituzun abantaila guztiak.

    Gainera, bidaiako laguntza-aseguru bat du, guztiz doakoa eta mundu osoan baliagarria, eta automatikoki aktibatzen da behin Gazte-txartela eskuratuta. Aterpekide gazte gisa ere balio du, eta REAJ eta Hostelling International sareetako aterpetxeetan ostatu hartu ahal izango duzu.

  • Europass. Online tresnen doako multzo bat da, Europan gaitasunak kudeatzeko eta ikaskuntza eta karrera profesionala planifikatzeko aukera ematen duena. Europassekin zure gaitasun, kualifikazio eta esperientzia guztiak online leku seguru batean bilduko dituen doako profil bat sor dezakezu.

    Erregistratu ditzakezu zure lan-esperientzia guztiak, hezkuntza eta prestakuntza, ezagutza linguistikoak, gaitasun digitalak, zure proiektuei buruzko informazioa, boluntariotzako esperientziak eta garrantzitsutzat jotzen duzun edozein lorpen. Halaber, zure tituluak, erreferentzia-gutunak edo lorpenak deskribatzen dituzten beste dokumentu batzuk Europasseko zure liburutegi pertsonalean gorde ditzakezu, eta Europako hizkuntza batean edo gehiagotan egin dezakezu.

    Gogoratu Europass curriculuma argia, zehatza eta ulerterraza izateko diseinatuta dagoela. Hizkuntza erraza erabiltzen du, eta herrialde bateko jerga edo termino espezifikoak erabiltzea saihesten du. Gainera, ziurtatu emandako informazioa egiazkoa dela eta eguneratuta dagoela.