FORU LIBURUTEGIA, ZURETZAT ZABALIK

Kultura eta sormena

Zatoz Bilboko Diputazio kalera ia 300.000 ale kontsultatzera eta Liburutegiak eskaintzen dizkizun zerbitzuez gozatzera

Bizkaiko Foru Liburutegiko txartelak kontsultarako funtsez eta zuretzat pentsatutako zerbitzuez betetako unibertso baterako ateak irekitzen dizkizu Bilboko muinean, Diputazioaren Jauregiaren atzean. 16 urte baino gehiago badituzu, eskuratu doako txartela eta Diputazio kaleko 7. zenbakiko instalazioetara sartu ahal izango zara eta bertan zerbitzu guztiak azkar eta eroso erabili. Txartela eskuratzeko honako hauek beharko dituzu:

  • Eskabide-orria beteta
  • Zure NAN, egoitza-txartel edo pasaportearen originala eta fotokopia
  • Dokumentazioa aurkeztean, argazki bat aterako dizute

Lotura honetan informazio gehiago eta eskabide-orria aurkituko dituzu

Liburutegian zaudenean, eskaintzen dizkizun instalazio, funts eta zerbitzu guztiez gozatu ahal izango duzu. Adibidez, norberaren materialarekin ikasteko gelak, non berriz ere ikasi edo lan bat presta dezakezun, leku ezin hobea da distraziorik gabe kontzentratzeko.

Geletara sartu ahal izateko, aurretik plaza bat erreserbatu behar duzu lotura honen bidez, gehienez ere 48 ordu lehenago eta txanda bakoitza amaitu baino ordubete lehenago. Goizeko txandan (8:30etik 14:00etara) edo arratsaldekoan (15:30etik 20:30era) erreserba egitea hautatu dezakezu. Larunbat batean joan nahi baduzu, goizez bakarrik izango da ordutegia, 9:00etatik 13:30era. Kontuan izan udan, zehazki ekainaren 13tik irailaren 10era, ordutegiak aldatu egingo direla. Kontsultatu hemen.

Erreserbatutako egunean eta txandan ikasketa-geletan sartzeko, liburutegiko zure txartela edo zure NANa erakutsi beharko duzu bigarren solairuko mostradorean, erreserbaren ziurtagiriarekin batera. Erreserba egitean inprimatu edo deskargatu daiteke.

Gelan automatikoki bete beharko duzu erreserba egitean tokatu zaizun postua: ezin dira aldatu, eta txanda erreserbatuan bakarrik egon ahal izango zara bertan. Gogoan izan txanda amaitzen denean okupatu duzun espazioak guztiz libre egon behar duela; beraz, ez ahaztu zure apunteak eta zurekin eraman dituzun gauzak jasotzeaz.

FUNTSEN KONTSULTATZEA

Halaber, Foru Liburutegiak aukera ematen dizu funts dokumentaleko liburuak, argitalpenak, egunkariak eta aldizkariak aurrez aurre kontsultatzeko. Aurrez aurreko funtsen kontsulta etenik gabe egin daiteke 8:30etik 20:30era, nahiz eta kontsulta egin nahi den funts motaren arabera aldatu egingo den.

Liburutegiko bigarren solairuan ehun eta hirurogeita hamar aldizkari inguruko, eta, 10:30etik aurrera, egun bakoitzeko eguneroko prentsaren azken zenbakiak ere kontsulta ditzakezu.

Ez ahaztu aldez aurreko erreserba egitea ikasketa-aretoetan postu bat izateko