Kontuz sare sozialetan partekatzen dituzun argazkiekin!

Osasuna eta ongizatea

Pribatutasun-konfigurazioei arreta jartzen ez badiezu, edozeinek erabil ditzake argitaratzen dituzun argazkiak, zuk konturatu gabe

Sare sozialak komunikatzeko oso erabilgarriak dira. Baina kontuan izan behar duzu Instagram, Facebook, Twitter, TikTok edo egunero erabiltzen duzun edozein sare sozialetara igotzen dituzun irudi eta bideo guztiak berehala deskarga daitezkeela zure profiletik eta, kontuz ibili ezean, ezagutu ere egiten ez dituzun pertsonek ikusi eta erabil ditzaketela. WhatsAppen bidez bidaltzen dituzun irudiek ere esku txarretan amai dezakete!

Horregatik, zure edozein irudi partekatu aurretik, oso ondo pentsatu behar duzu zer argazki edo bideo argitaratzen ari zaren, zuri buruzko zer informazio ematen duen, eta zer gertatuko litzatekeen zuk bidalitakoez gain beste pertsona batzuek ikusiko balute. Kontuan izan partekatu ondoren saretik ibili ahal dela inolako kontrolik gabe, eta zuk ikustea nahi ez zenuen jendeak ikusi eta partekatu egin dezakeela.

Gainera, batzuetan, sare sozialetako argazkiak beste pertsona batzuek erabiltzen dituzte profil faltsuak sortzeko, zure ordez agertzeko eta zure izenean edukia argitaratzeko, eta horrek arazo larriak sor ditzake. Batzuetan, profil faltsuak erabiltzen dituzte beste pertsona batzuei iruzur egiteko, edo zerbitzu engainagarrien edo zuzenean faltsuen publizitatean erabiltzeko. Eta kasu askotan, sareetan partekatu diren argazki intimoak pornografiako orrietako iragarkietan amaitu ahal dute.

Bestalde, Interneten ere badira sare sozialak erretratu eta selfie-n bila arakatzen dituzten programak, gure aurpegia eta begiak ondo ikusteko. Irudi horiek segurtasun-sistema biometrikoak engainatzeko edo aurpegia ezagutzeko teknologia hobetzeko erabiltzen dituzte.

Horregatik, zure bideo eta argazkiekin arazorik ez izateko, erabiltzen duzun sare bakoitzaren pribatutasun-konfigurazioari arreta handia jarri, eta ondo pentsatu zer partekatzen duzun. Soilik horrela lortuko duzu zure edukiak zuk nahi dituzun pertsonek bakarrik ikustea.

Kontuz ez bazabiltza, ezagutzen ez dituzun pertsonek zure argazkiak eta bideoak ikus eta erabil ditzakete