ONDARE ARKITEKTONIKOA

Kultura-nortasuna
Arkitektura gizateriaren lagun izan da hasiera-hasieratik, bizitzeko, mugitzeko, ikasteko, lan egiteko eta elkar topatzeko dugun moduari forma eman baitio. Gure eguneroko bizitzako txoko guztietan dago: etxebizitza eta eskoletan, antzoki eta museoetan, geltoki eta bulegoetan, kale, plaza, fabrika eta azpiegituretan.
Bizi garen espazioetatik hasi eta lan egiten, ikasten, gozatzen edo mugitzen garen espazioetaraino, arkitektura giltzarria izan da eta oraindik ere bada gure gizartearen bilakaeran.
Begirada horren pean, 2025eko programak bi ildo nagusitan jartzen du arreta: batetik, arkitektura garaikidea esploratuko dugu, arreta berezia jarrita azken ehun urteetako eraikuntzei, balio handikoak izan arren, askotan oharkabean pasatzen baitira. Gure lurraldearen identitatean eta gizarte-ehunean erabakigarriak izan diren eta, batzuetan, dibulgazio-ekimen horietatik kanpo dauden auzo eta hiri-inguruneetara ere hurbilduko gara.
Bestetik, gure ondare historikoari ikuspegi berrituarekin begiratuko diogu. Duela gutxi birgaitutako eraikinak bisitatuko ditugu, izan dituzten erabilera-aldaketak aztertuko ditugu eta esku-hartze horiek gidatzen dituzten irizpideei buruz eztabaidatuko dugu, gure ondarea nola zaindu eta eraldatu nahi dugun hausnartzeko.
Aurten, arkitektura bizitzeko eta esperimentatzeko modu berrietara zabalduko da programa, eta ohiko bisita, ibilbide edo hitzaldietatik harago doazen proposamenak sartuko dira. Sormen-tailerrak, argazkigintza, maketen eraikuntza, musika, literatura eta bestelako adierazpen artistikoak programan sartu dira, begirada parte-hartzaileagoa, sortzaileagoa eta ondarearekiko hurbilagoa eskaintzeko.
Mota guztietako eraikuntzak ezagutuko ditugu, eta gaur egun arte izan dituzten istorioetan murgilduko gara. Baina ez hori bakarrik: eraikuntzak egiten diren tailerrak eta zentroak ere bisitatuko ditugu, maketak sortuko ditugu, kamerarekin gure ingurua harrapatuko dugu, artisauen azalean jarriko gara, arkitektura musikarekin eta literaturarekin konbinatuko dugu, eta gure ondare historikoak izan beharko lituzkeen erabilera berriei buruz eztabaidatuko dugu. Horrela, gure begirada zabalduko dugu laguntzaile eta antolatzaile berriekin batera.
Iraganera begiratuko dugu etorkizunerantz aurrera egiteko, ikuspegi berriak zabaltzeko eta gure kultura-ondareak aurre egin behar dien erronkei buruz hausnartzeko