2026(e)ko maiatzaren 19(a) 13:56
Aldundiak bere aurrekontuaren % 6,2 bideratu du 100.000 gazteri baino gehiagori laguntzeko
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila
Iaz, aurreikusitako inbertsioa handituz, hainbat arlo indartu ziren, hala nola inklusioa eta etxebizitza, eta 120 milioi eurora iritsi zen. Aurten, 124 milioi eurora igoko da zeharkako gazte-politiketako inbertsioa.
Begoña Gil, Teresa Laespada eta Natxo Rodríguez.
Teresa Laespada: "Gure gazteei ematen dizkiegun aukerekin erabakitzen da Bizkaiaren etorkizuna"
Bizkaiko Foru Aldundiak 120 milioi euro bideratu zituen iaz gazte-politiketara, aurrekontu osoaren % 6,2, eta 100.000 gazte baino gehiago izan ziren onuradun. 2026an, berriz, 124 milioi eurora igoko da inbertsioa.
Teresa Laespada ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak nabarmendu duenez, «Bizkaiaren etorkizuna ez da bihar idazten, gaur erabakitzen ari da gure gazteei ematen dizkiegun aukerekin».
«Eta aldundi honek ibilbide-orri argia du, bai eta aurrekontu historikoa eta lankidetza instituzionalerako sare sendoa ere», azpimarratu du gaur goizean, berak eskatuta Batzar Nagusien Batzordean egin duen agerraldian, non ezagutzera eman dituen gazte-politika integralaren bilakaera, egungo egoera eta etorkizuneko planak, «Bizkaia Gazteak 2030» estrategiaren esparruan.
Estrategia hori bi erronka estrategiko handiren inguruan ardazten da: batetik, gazteen emantzipazio-prozesuak erraztu eta aurreratzea, eta, bestetik, gazteen protagonismo soziala eta komunitarioa indartzea.
«Bizkaia Gazteak 2030» estrategiaren barruan, iaz 88 programa gauzatu ziren, Bizkaiko Foru Aldundiko ia sail guztiek sustatuta, eta erakundearen aurrekontu osoaren % 6,25era iritsi zen.
Zehazki, 2025ean, guztizko inbertsioa 120 milioi eurotik gorakoa izan zen; hasierako aurreikuspena, berriz, 102,9 milioi eurokoa izan zen. % 16,8ko igoera hori, funtsean, arlo kritikoak indartzetik etorri zen, hala nola inklusioa eta etxebizitza.
88 programa horiei eta inbertsio horri esker, 102.608 gazte izan dira onuradun, besteak beste arlo hauetan: enplegua, etxebizitza, gizarte-inklusioa, berdintasuna, osasun emozionala, jasangarritasuna, mugikortasuna, kultura, euskara, ekintzailetza, kirola, parte-hartzea eta ekintza komunitarioa.
Aurtengo urteari begira, Laespada diputatuak adierazi du konpromiso ekonomikoa sendotu eta handitu egin dela, zeren eta, beste 88 programarekin, 124,22 milioi euroko inbertsioa aurreikusi baita.
Zenbateko hori honela banatzen ari da:
- Ogasuna eta Finantzak, 28,6 milioi euro: nabarmentzekoa da 13,3 milioi euro bideratu direla ohiko etxebizitza alokatzeagatik PFEZean kenkaria aplikatzera. Kenkari horrek 11.000 gazte ingururi egin die mesede.
- Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna, 25,7 milioi euro: Lanberri programaren 1. lerroaren bidez, 2,2 milioi euro zuzendu dira herritarrak lanean txertatzeari begirako bidelaguntza intentsibora.
- Gizarte Ekintza, 41,8 milioi euro: gazte kalteberenen eta egoitza-harreran daudenen babesa bermatzeko.
- Iraunkortasuna eta Mugikortasuna: BizkaiBizi zerbitzuak 14.000 bat erabiltzaile gazterengan izan du eragina.
Gainera, 2026 honetan, gazte-politikek arlo hauetan duten zeharkako logikan sakontzen da: enplegua eta autonomia, etxebizitza eta emantzipazioa, ongizate emozionala eta inklusioa, eta berdintasuna, aniztasuna eta bizikidetza.
UDAL GAZTEDI
Laespadak, orobat, jakitera eman du toki-erakundeekiko lankidetza instituzionala gauzatzen ari dela Udal Gaztedi hitzarmenen bidez eta eskualdeko lankidetza-hitzarmenen bidez. Egun, 109 udalerrirekin eta 7 mankomunitaterekin lan egiten da. Era horretan, Bizkaiko ia udal guztiek parte hartzen dute gazteriarekin lotutako jarduketen hedapenean (gazteen parte-hartzea, bokazio-orientazioa, aisia hezigarria, prebentzioa, berdintasuna, osasun emozionala, kultura, jasangarritasuna, euskara, kirola, bizikidetza, eta ekintza komunitarioa). 2025ean, eskualdeetan gauzatu ziren ehundik gora jarduketetan (116 programa), 18.500 mila gaztek baino gehiagok parte-hartu zuten eta milioi bat euro pasa exekutatu zen aurrekontuan.
2026 honetarako, esparru lokalarekiko aliantza horrekin jarraitzen da, Udal Gaztedi hitzarmenen bidez, zeinek 1.055.000 euroko zuzkidura duten. Duela gutxi, Uribe Kostako eskualdea (2025) eta Bilboko Udala (aurten) batu dira hitzarmen horietara.
Gainera, diputatuak adierazi du Bizkaiak ia 172.800 biztanle gazte dituela gaur egun, 15 eta 29 urte bitartekoak. Azken urteetan, gazteen kopurua egonkortu da, eta are pixka bat gora egin ere.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp