Gazteak eta Bakardadea

Osasuna eta ongizatea Partaidetza

Bizkaiko Gazteriaren Lurralde Kontseiluak aztergai izan du gazteen artean

gero eta ugariagoa den bakardadea; Euskadin  hamar gaztetik hiruri

eragiten die.

Lurralde osoko udalek parte hartu dute Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako jardunaldi batean, Bizkaiko gazteen artean gertatzen ari den gizarte-isolamenduaren gaiari heltzeko. Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak «Bizkaia Gazteak» Estrategia berrabiarazi du, gazteen ekimenak bateratzeko eta gazteak gizartea eraldatzeko motor bihurtzeko.

Topaketa honetan, Bizkaiko ehun bat udaletako 70 teknikari eta arduradun politiko baino gehiago bildu dira. Helburua izan da batera heltzea gazteen artean gero eta handiagoa den nahi gabeko bakardadearen arazoari. Fenomeno horrek euskal gazteen % 29,5i eragiten die, Bakardadearen Barometroaren datu berrienen arabera.

Topaketaren helburu nagusietako bat izan da gazteek bakardadearen aurrean duten portaeraren ezagutzan sakontzea, zergatiak eta ondorioak aztertuta. Era berean, udalen artean esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzea sustatu da, bai eta gazteen ongizate emozionala eta soziala hobetuko duten ekintza eraginkorrak bultzatzeko ahaleginak koordinatzea ere.

Era berean, gazteei zuzendutako udal- eta eskualde-ekimenak bateratu eta ikusarazteko estrategia komun bat aurkeztu da ofizialki. Ibilbide-orri berri hori, zeina Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu duen "Bizkaia Gazteak" programaren bidez eta BizkaiSare 2030 plan komunitarioan txertatu den, bat dator gazteak gizarte-eraldaketarako motor bihurtzeko erronkarekin. 2. erronkan, «Gazteak gizarte-eraldaketako eta -eraikuntzako prozesuaren katalizatzaile bihurtzea» izenekoan, lehentasuna ematen zaie inklusioari, aniztasunari, osasunari eta ongizateari, kultura-identitateari, jasangarritasunari eta gazteen parte-hartze aktiboari. Helburua da komunitate-loturak indartzea eta gazteen inplikazio aktiboa izango duten jarduerak sustatzea, hartara, bakardadea prebenitzen eta gizarte-kohesioko ingurune bat sustatzen laguntzeko.

- Topaketan jasotako ekarpenen laburpena eta programen adibideak

- Topaketaren laburpena

Diagnostikoa, gomendioak eta lotutako faktoreak

Topaketan, halaber, gazteen bakardadeari buruzko diagnostiko xehatua aurkeztu da, Bakardadearen Estatuko Behatokiak egina (2024). Ondorio nagusien artean, nabarmentzen du gazteen isolamenduak eragin negatiboa duela gazteen ongizate emozionalean, eta, gainera, eragina izan dezakeela gazteen garapen pertsonalean eta sozialean. 

Bakardadearen Barometroaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 14,5ek nahi gabeko bakardadea dute, eta gazteak dira kolektibo kaltetuenetako bat; haien artean —larritzekoa da— % 29,5 sozialki isolatuta sentitzen dira. Egoera horri lotutako faktoreen artean, honako hauek daude: gizarte-loturak ezartzeko zailtasuna, baliabide digitalak soilik erabiltzea komunikatzeko modu gisa, 50.000 biztanletik beherako udalerrietan bizitzea, eta osasun mentaleko arazoak, zailtasun ekonomikoak, gizarte-bazterkeriako egoerak edo jazarpena egotea. Profil horrek agerian uzten du politika publiko espezifikoak diseinatu behar direla, gazteen ezaugarrietara eta bakardadearekin duten harremanera egokituak.

Presentación del estudio sobre Juventud y Soledad no deseada

- Gomendatutako ekintzak

- Txostena Barómetro de la soledad no deseada en el País Vasco 2024

- Laburpena Barómetro de la soledad no deseada en el País Vasco 2024