Jarri zaitez sasoian aire zabalean!

Osasuna eta ongizatea
Bizkaiak aukera ugari eskaintzen dizkizu espazio irekietan eta naturan gogokoen duzun kirolean aritzeko.
Beti da une egokia gure kirol gogokoenez gozatzeko, are gehiago eguraldiak lagun dugunean. Aprobetxatu udako egun luzeak zure kirol gogokoena naturan praktikatzeko, Bizkaian ehunka aukera aurkituko dituzu zure esku:
Bizkaiko bira
GR123 ibilbideak Bizkaiko perimetro osoan barrena eramango zaitu. Guztira 350 kilometro, 19 etapatan banatuta. Lanestosan hasi eta amaitzen dena baina, zirkularra denez, zuk nahi duzun lekuan hasi eta amaitu dezakezu.
Balmasedatik, Gordexolatik, Orozkotik, Elorriotik eta Ermutik igaro ondoren, ibilbidea kostaldera iristen da Ondarroan, eta, hurrengo zazpi etapetan, Europako Itsasbazterreko Ibilbidearen bide bera egiten du. Ibilbide horrek 5.500 kilometro egiten ditu Europako kostaldetik, Baltikotik (Estonia) Atlantikora (Portugal). Bidexka barnealdera itzultzen da Muskizen, eta Lanestosara doa da Turtziozetik igarota.
Ibili Bizkaiko bideetan barrena gure Lurraldeko txoko politenetako batzuk ezagutzeko. Zure gustuetara eta sasoira egokitutako ibilbide ugari aurki ditzakezu: ibilbide laburrak PRetan, hala nola Baltzolako Bide Mitologikoa, Golako Xarmatutako Haranen ibilbidea, Sopeñako Artadia edo Urkarregiko Bidezidorra; edo etapatan banatutako ibilbide handiak, hala nola Ardoaren eta arrainaren ibilbidea, Bilboko Eraztun Berdea edo Artzain-bidea.
Indartu zure gorputza kalisteniarekin
Zure muskuluak landu eta zure sasoi fisikoa findu nahi baduzu, zatoz Bizkaiko kalistenia parkeetara. Han, aire zabalean sasoian jartzeko behar duzun ekipamendu guztia aurkituko duzu: flexio-barrak, uztaiak, barra paraleloak. Zure kabuz entrenatu dezakezu, zure entrenamendua optimizatzeko eta lesioak saihesteko bideo hauetako aholkuei jarraituz.
Hiria zure gimnasio bihurtu
Arintasuna eta trebetasuna konbinatzen dituen diziplina dibertigarria da parkourra, hiriko arkitekturako elementuak mugitzeko modu gisa erabiltzen dituena: eserlekuak, farolak, barandak, hormak… Zure hiriko kaleetan edo parkour parkeetan zure trebetasunak probatu ditzakezu, eta bideo hauek ikusi besterik ez duzu egin behar, zure trebezia probatuko duten teknika berriak ikasteko.
Ibili bizikletaz Bizkaian zehar
Aire zabalean gozatzeko onena, Lurraldeko 14 ibilbideetan Bizkaian barrena bizikletan abiatzea da. Hainbat distantzia, zailtasun-maila edo ibilbide-denbora dituzu aukeran, edo guztietan modu seguru eta jasangarrian gozatu. Eta zulo bat baduzu, ez kezkatu! Bizkaiko txoko guztietan aurkituko dituzun Biziguneetan bizikleta konpontzeko eta txukuntzeko behar duzun guztia eskura duzu.
Itsaso ondoko haizeari jarraitu
Aire zabalean esperientzia ahaztezina izan nahi baduzu, ez utzi pasatzen Sopelako itsaslabarretatik parapentean hegan egiteko aukera. Bizi itzazu sentsazio paregabeak itsasoaren ondoan, Bizkaiko kostaldeko lekurik ikusgarrienetako batean, Bizkaiko Flysch-aren ondoan.
Zure hiriko kaleak, hondartzak, ibaiak, mendia… Bizkaiko edozein leku ezin hobea izan daiteke aire zabalean sasoian egoteko.
"Goza ezazu Bizkaian aire zabalean gogokoen duzun kirola eginez"